argia.eus
INPRIMATU
Hondakinak tratatzeko Artaxoako planta itxita mantentzeko agindu du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak
  • Nafarroako Ecofert Sansoain enpresa itxita dago 20.000 tona hondakin toxiko legez kanpo jasotzeagatik Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik eta Tuterako (Nafarroa) Oleofat enpresatik.

Olaia L. Garaialde 2024ko uztailaren 22a
Argazkia: Ecofert

Nafarroako Gobernuak ekainean itxi zuen Ecofert Sansoain eta enpresak berriz irekitzeko eskatu du, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hondakinak tratatzeko planta itxita mantentzeko agindu du. Horrez gain, 40.000 euroko isuna ordaindu behar izan du enpresak. Itxita mantentzeko arrazoi nagusia ekologikoa dela nabarmen du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak: “Ingurumena babesteko interesak interes ekonomikoen gainetik egon behar dira”.

Poliziak ikertu duenez, enpresak ez dauka sustantzia solidoak edo trinkotasuna daukaten lohiak jasotzeko baimenik. Hala ere, ondorioztatu dute identifikazioa aldatu eta lohiak izango balira bezala jaso dituztela hondakinak. Hortaz, uztailaren 1etik enpresak ezin du merkantziarik jaso edota bidali. Horrez gain, irekitzeko modua aurkitzen badute, ezingo dituzte ongarriak sortu.

Zubietako erraustegia kudeatzen duen Ekondakin enpresari zigor espedientea irekitzeko eskatu zion Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari iragan ekainean.