Abuztuaren 26an hasi zen sutea hondakin toxikoen birziklatze-planta batean Chiloechesen, Guadalajaran (Gaztela-Mantxa, Espainia). Ez zuten lanean aritzeko baimenik 2015eko urriaz geroztik, baina fabrikak martxan jarraitu zuen Udalak urte honetako ekainean itxi zuen arte. Hainbat erakunde ekologistak salatu dute isuritako hondakinek Henares ibaia kutsatu dutela.
Hondakin toxikoak (pintura, disolbatzailea, olioa…) eraikuntzako obra-hondakinekin nahasten zituen Chiloecheseko KUK Medio Ambiente S.L. enpresak. Horrela, obretako zabortegietara eraman ahal zituzten hondakinak eta merkeagoa zen hori hondakin toxikoak lantzea baino.
20.000 tona zabor zeuden lantegian sutea hasi zenean eta argitzeke dago zerk abiarazi zuen sua. Larunbatean egoera kontrolpean zegoen baina suteak oraindik jarraitzen du eraikinaren barruan.
Kutsadura Henares ibaian
Erakunde ekologistek salatu dute ehunka arrain hilik agertu direla Henares ibaian, Madrilgo Erkidegoko Alcalá de Henares udalerrian. Disolbatzaile usaina dagoela azaldu dute eta sutearengatik hondakinak ibaira isuri diren susmoa dutela.
Osasun arazoak ere azaleratu dituzte ARBA, El Soto, Ekologistak Martxan, GRAMA eta Jarama Bizirik erakundeek, ibaiko ura erabiltzen baita eskualdeko ehunka hektarea ureztatzeko. UME Larrialdietako Unitate Militarrak ibaian jarritako langa kontraesankortzat jo dute, kutsatzaileak ibaira iritsi ez direla esan baitu UMEk berak.
Uraren kalitateaz arduratzen den Tajoko Hidrografia Konfederazioak uraren azterketarik egin ez izana salatu dute ekologistek eta informazio eguneratua bidaltzeko eskatu diote. Sutearen ondorioen inguruko ikerketa abian jartzeko ere eskatu dute.