"EH Bildun zaborren kudeaketa esku pribatuetan egotearen aurka gaude eta egongo gara, herritar askorekin batera. Beraz, Azkaraten egitea nahi duten planta ez dugu babestuko. Hori horrela izanda, ez al da errazagoa bertan behera uzteko konpromisoa orain hartzea eta herritarren kezka honekin amaitzea?" galdetu du Azkoitiko EH Bilduk, Udalak gaia aztertzeko sortuko duen batzordearen harira.
Azkoitiko EH Bilduk ez du nahi Larke 360 enpresak herrian hondakin planta egiterik. Argudio hauek eman ditu bere jarrera azaltzeko, igorri duen oharrean: "Arau subsidiarioak interes pribatuen alde aldatzearen aurka gaudelako eta, beste aldetik, horrelako planta pribatu bat egiteak zaborren betiko kudeaketa ereduan sakontzen duelako; izan ere, esku pribatuetan egoteak kontrol eraginkorraren falta ekarri dezake. Gainera, proiektuaren bigarren faseaz ezer ez jakiteak mesfidantza eta ezinegona sortzen dizkigu".
Adierazpen hauek ulertzeko, batetik gogoratu behar da EH Bilduk aurreko astean jakitera eman duenez, herriko egungo arau subsidiarioek ez dutela baimentzen bertan proiektu hau egin ahal izatea. Eta bestetik, Larkek Jaurlaritzaren ingurumen-inpaktu txostena jasotzeko aurkeztu zuen proiektuak lehenengo fasea soilik azaltzen duela.
"Azkaraten ustez egiten ari diren lanen inguruan ahalik azkarren ikuskaritza egiteko eskatzen diogu Udalari. Larrialdi egoeraren aitzakia jartzeak ez digu balio, teknikari edo udaltzainek argazkiak atera eta lehenengo begizko ikuskaritza egitera bidali ditzakegu. Ez begiratu beste aldera". Albiste honen amaierako bideoan adierazi duenez, EH Bilduk susmoa du "baimenik gabe lanak egiten hasi direla".
Azkoitiko EH Bilduk jakitera eman du Bozeramaile Batzordea apirilaren 17an bildu zela udaletxean, hondakin plantaren inguruan hitz egiteko. Eta bertan, alkateak batzorde bat sortzea proposatu ziela teknikari, politiko eta herritarren zenbait eragilerekin. Proposamen horren inguruan Azkoitiko EH Bilduk zera adierazi du: "Hori egitea pauso positiboa dela deritzogu, beti izan gara herritarren parte hartze zuzenaren aldekoak. Iruditzen zaigu parte hartzea garrantzitsua dela eta herritarrek beren iritziak emateko espazioak antolatu behar direla eta gero bertan erabakitakoa kontutan hartzea ezinbestekoa dela".
EH Bildu foro horretan parte hartzeko prest dago, "betiere, prozesu parte hartzaile erreal bat aurrera emateko baldintzak betetzen badira". Foro horretan "planta ez egitearen posizioa defendatuko dugu", aurreratu du.
Hona hemen azalpen hauek emanaz zabaldu duen bideoa: