argia.eus
INPRIMATU
Homosexualitatearen kontrako sorgin-ehiza indartzen ari da Afrikan
  • Homofobia hazten ari da Afrikako herrialde askotan eta homosexualen kontrako legeak eta kode penala zorrozten ari dira. Gobernuek erlijioaren edo HIESa saihestearen aitzakiapean neurriak gogortu dituzte eta sorgin-ehizak oso bizirik dirau.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 20a
Hegoafrikako homosexualak haien eskubideak aldarrikatzeko protestan.

Amnistia Internazionalaren arabera kontinenteko 54 herrialdeetatik 38tan zigortzen da sexu bereko pertsonekin erlazioak edukitzea. Jazarpen hori geroz eta gogorragoa dela salatu dute, El Mundo egunkariak jaso duenez.

Nigerian 14 urteko kartzela zigorra

Aurreko astean ezarri zen Nigeriako legegintza berrian 14 urteko kartzela zigorra jasotzen da homosexualentzat. Eta elkarrekin egoteko aterpea eskaintzen dutenek 10 urteko espetxealdia bete beharko dute.

Aldiz, kode penal berriak poligamia babestu eta pedofiliarekin ez ikusiarena egiten du. Reuben Abati Nigeriako presidentearen bozeramaleak legea justifikatzeko honakoa esan du: “Herrialdeko sinesmen kultural eta erlijiosoen ildotik sortutako legedia da”.

Horretaz gain, Afrika iparraldean indar handia duen sharia oso errotuta dago Nigerian. Islamaren atal guztiei erreferentzia egiten dien lege sistema da sharia; eta lapidazioa edo harrikatzea eskatzen du homosexualentzat.

Kode penal berriak polemika handia sortu du herrialde osoan eta parekidetasunaren aldeko aktibista ugari atxilotu dituzte azken egunotan.

Heriotza zigorra biltzen duen lege proiektua ezbaian Ugandan

Liberiak, Burundik, Sudanek eta Ugandak ere gay eta lesbianen kontrako legeak gogortu dituzte azken urteotan.

Ugandan, Yoweri Museveni presidentearen gidaritzapean, urteak daramatzate homosexualentzat eta hauek salatzen ez dituztenentzat heriotza zigorra jasotzen duen lege proiektua eztabaidatzen.

Ugandako kazetari Rosebell Kagumirek dioenez, “Ugandako hainbat zonaldetan jendeak ez du inoiz homosexualitateaz ezer entzun; sorginkeria gisa hartuko lukete”.

Ez dago estatistika ofizialik baina Human Right Watch erakundeak salatzen duenez, herrialde horretako homosexual gehienak familiarengandik arbuiatuak izaten dira. Ondoren jendarteak kanporatu egiten ditu eta bere buruaz beste egiten amaitzen dute askok.