argia.eus
INPRIMATU
Homosexualitateak gastroenteritisa eragin dezake Nafarroako Opus Deiren ospitalearen arabera
  • Gastroenteritisaren jatorria ezagutzeko ohitura sexualak oinarrizko "datua" direla dio Nafarroako Unibertsitateko klinikaren gidak, "promiskuitatea/homosexualitea" nabarmenduz.

ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 14a
1962an inauguratu zuten Nafarroako Unibertsitateko klinikaren eraikina Iruñean. Argazkia: wikipedia.org.

Opus Deiren Nafarroako Unibertsitateko klinikak larrialdietan gastroenteritisak artatzeko gida bat du. Publico egunkari digitalak argitaratu duenez, gaitzaren jatorria identifikatzeko orduan gaixoaren "ohitura sexualak" ezagutzea "oinarrizko datua" da gidaren arabera. Pazienteak "promiskuitatea/homosexualitatea" praktikatzen duen jakin behar da, "proktitis eta Shigella, salmonella, Campylobacter eta gonorrea" ager daitezkeen aurreikusteko. Horiez gain bestelako informazioak ere bildu beharra aipatzen du gidak: gaixoa bidaiatu berri den, toxinekin kontakturik izan duen edo non egiten duen lan, besteak beste.

Nafarroako Unibertsitateko klinikak Iruñean eta Madrilen ditu ospitale pribatuak. Bere "kode etikoak" Eliza Katolikoaren "moralaren arabera" aritu beharra zehazten du: "Klinikaren jarduera guztiek pertsonen bizitza errespetatu behar dute existentzia ernalketan hasten denetik heriotza naturalean amaitzen den arte, eta moral katolikoaren irizpideei jarraitu behar diete sexualitateari eta giza ugalketari lotutako gaietan".