argia.eus
INPRIMATU
Homosexualitatea “sendatzeko” terapiak legez debekatzeko eskatu dute LGBTI kolektiboek
  • Gaur egun oraindik inpunitate osoz egiten dira homosexualitatea “sendatzeko” terapiak munduko txoko gehientsuenetan, sarri gurasoek eurek horretara behartuta. Biktimen integritatean eta osasun mentalean duten eragina nabarmendu eta behingoz praktika hauek legez debekatu ditzatela eskatu dute LGBTI kolektiboek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko otsailaren 09a

Deskarga elektrikoak (sexu bereko pertsona baten irudi erotikoa ikustean), hipnosia, autolaguntzarako ariketak, psikoterapia saioak, masturbazioa berregokitzeko ariketak… Ugariak dira sexu joera aldarazteko asmoz erabiltzen diren metodoak. Mundu iluna da, baina halako “terapiak” bideratzen dituztenek ez dute ondorio legalik jasotzen, nahiz eta biktimetan nahasmendua, autoestimu falta eta traumak eragin, besteak beste. Ikerketen arabera, depresiora eta baita suizidiora ere eraman dezakete praktika hauek.

Legediak moldatu eta praktika hauen aurka gogor egiteko eskatu die gobernuei hainbat kolektibok, El Salton jaso dutenez. AEBetako datuak eman dituzte El Salton: 13 eta 24 urte arteko LGBTI gazteen %58ak dio konbentzitu nahi izan dituztela sexu joeraz edo genero identitatez aldatzeko.

Hiru herrialdetan baino ez daude debekatuta

Europan, hiru baino ez dira halako praktikak legez debekatuta dituzten estatuak: Malta, Suitza eta iaz bertan, Alemania. Euskal Herritik begiratuta, legez debekatu dituzten gertuko lurraldeak Murtzia, Madril, Valentzia, Andaluzia eta Aragoi dira (2016 eta 2019 artean sorturiko araudien bidez).