argia.eus
INPRIMATU
Homosexualitatea “sendatzeko” terapiak debekatu dituen Europako hirugarren herrialdea da Alemania
  • Gezurra badirudi ere, leku gehientsuenetan oraindik legalak dira homosexual izateari uzteko terapiak. Malta eta Suitzaren bideari jarraiki, Alemania da praktika hori debekatu duen Europako hirugarren herrialdea, baina adin txikikoei zuzenduriko terapiak soilik. Horretara bultzatzen dituzten gurasoak ere zigortuko ditu legeak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko maiatzaren 08a

18 urtetik beherako ume eta gazteek ezingo dute Alemanian halako terapiarik jaso eta ezingo dute parte hartu euren sexu joera edo genero identitatea erreprimitzeko inongo esku-hartzeetan. Urtebeteko kartzela-zigorra edo 30.000 euroko isuna jaso dezake zerbitzua ematen duenak.

Gehienak behartuta doaz

Mehatxua edo iruzurra erabiliz gazteak halako terapietara bultzatzen dituzten guraso eta tutore legalek ere zigorra jaso dezakete. Alemaniako Osasun ministroaren hitzetan, tratamendua jaso duten gazte gehienak beste norbaitek behartuta joan dira: horren aurrean, “gazte horiek jakin behar dute estatuak, gizarteak eta parlamentuak ez dugula horrelakorik nahi gure herrialdean”.

Deskarga elektrikoak, hipnosia eta bestelako metodo arbuiagarriak erabiltzen dituzten esku-hartze hauek edozeinengan sor ditzakeen nahasmendu, autoestimu falta edota traumak irudikatzea ez da zaila. Ikerketen arabera, depresiora eta baita suizidiora ere eraman dezakete praktika hauek.

Zergatik adin txikikoentzat bakarrik?

Gobernuak onartu duen legeak gogorragoa izan behar lukeela kritikatu dute oposizioko alderdi batzuek. Terapiak 26 urtera arteko gazteentzat debekatu beharko liratekeela adierazi du Alderdi Berdeak, 27 urtera artekoentzat debekatzeko eskatu du Ezkerreko Alderdiak.

Terapia legalak gurean

Munduko herrialde gehienetan, ez dago halako terapien debekurik. Euskal Herritik begiratuta, terapia hauek legez debekatu dituzten gertuko lurraldeak Murtzia, Madril, Valentzia, Andaluzia eta Aragoi dira (2016 eta 2019 artean sorturiko legeen bitartez).