Urtarrileko azken larunbatean, hilaren 26an, sexu bereko pertsonak ezkontzeko eskubidea izatearen aldeko manifestazioa egingo dute Baionan. 11:00etan izango da herriko etxearen aurrean.
Frantziako Estatuan bikote homosexualei ezkontzeko eta haurrak adoptatzeko eskubidea emango dien lege proiektua eztabaidatzen ari dira.
Hollandek eginiko hauteskunde promesa aurrera doa, baina ez gay eta lesbianen eskubideen aldeko kolektiboek nahi bezain azkar. Epeek eragin dute desadostasun handienetako bat, ezkontza eskubidearen alde agertu diren mugimenduek uste baitute 2013ko ekainera arte itxaron beharra tarte luzeegia dela.
Jende asko mobilizatu du neurriak, aldeko zein kontrako. Adibidez, igande honetan manifestazio handia egin zuten Parisen guztiei ezkontza eskubidea aitortzearen kontra.