Frantzian, Danimarkan eta Zeelanda Berrian onartu egin dituzte homosexualen arteko ezkontzak. Aldiz, beste estatu batzuetan, Errusian esaterako, haien aurkako errepresioa gogortu egin da.
Homosexualitateak mundu osoan bizi duen egoerari begiratu dio Herrialde Katalanetako Vilaweb.cat agerkariak, hainbat grafiko eta maparen bidez.
Frantzian, Danimarkan eta Zeelanda Berrian gertatu bezala, Erresuma Batuan eta Galesen datorren urtean jarriko da indarrean homosexualen arteko ezkontzak onartuko dituen legea. AEBetan, bestalde, baliogabetu egin dute estatuei ezkontzak onartzea uzten ez zien legea.
Aldiz, Errusian homosexualitatearen aurkako lege zorrotzak onartu dituzte, Afrikako herrialde batzuetan kolektibo horrek eraso gogorrak sufritzen ditu, eta munduko zazpi herrialdetan homosexualei heriotza zigorrak ezartzen zaizkie.
Homosexualen arteko ezkontzak Herbehereek onartu zituzten lehendabizikoz, duela hamabi urte. Gaur egun beste hamahiru estatutan babesten ditu legediak. BBCren mapa honetan ikus ditzakezue:
Europan, Turkiak okupatutako Zipren soilik da ilegala homosexualitatea.
Amerikako herrialde batzuetan, Brasilen eta Mexikon esaterako, estatu batzuetan dira ezkontzak legezkoak. Uruguaik ezkontzak eta adopzioak onartu ditu, eta Kolonbiak batasun zibila onartu zuen duela bi aste.
Bestalde, ezkontza “soilik emakume eta gizonezko baten arteko batasun legaltzat” jotzen duen DOMA legea baliogabetu egin du AEBetako Auzitegi Gorenak. Kalifornian ezkontza homosexualak debekatzen dituen lege-proposamena ere bertan behera uzteko erabakia hartu dute epaileek. Haatik, gainontzeko estatuek sexu berekoen arteko ezkontzak onartu edo debekatzeko aukera izango dute oraindik. Bi kasuetan, bederatzi epaileetatik bostek babestu dute erabakia.
Homosexualen eskubideak AEBetako estatu bakoitzean, The Guardian-en grafikoan.
Heriotza zigorra
Homosexualek espetxe zigorra jasotzen dute munduko 78 estatutan, eta heriotza zigorra zazpitan, Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Nazioarteko Erakundearen (ILGA) mapa honetan (pdf) ikus daitekeen moduan.
Afrikan daude homosexualen aurkako legerik errepresiboenak, Marc Serenak Aixó no es africá liburuan eta Nagore Irazustabarrenak ARGIAn plazaratutako Afrikan beltz, Europan zuri erreportajean erakutsi diguten moduan.
Errusiarena ere kasu larria da, Vilaweb-ek nabarmendu duenez. Neonazien erasoak areagotu egin dira, eta legedia gogortu. Duela gutxi, esaterako, "harreman sexual ez tradizionalak sustatzen dituen" edozein propaganda mota debekatu da.
Asian geroz eta eskubide gehiago du homosexualen kolektiboak, baina oso mantso ari dira aurrera egiten. Vietnamen iaz egin zen gay harrotasuna aldarrikatzeko aurreneko manifestazioa, eta pasa den ekainean Singapurren egindako beste manifestazio batek 20.000 lagun bildu zituen.
Informazio gehiago:
Homosexualen eskubideak –eta homofobia– mundu osoko herrialdeetan, ILGAren mapa eta grafikoetan.