argia.eus
INPRIMATU
Homofobiari erantzun jendetsua eman diote Basaurin
Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 11
Ekain (eskuinean) eta bere mutil laguna osteguneko manifestazioan. Argazkia: El Diario

2.000 pertsona inguru hurbildu dira Basaurin ostegunean egin den manifestaziora, Ekain Perrino 23 urteko gazteak igandean jasandako eraso homofoboa salatzeko. Hamairu gaztek jipoitu eta konorterik gabe utzi zuten Perrino Bizkotxaldeko plazan. Perrinoren lagunek eta LGTBIQ+ mugimenduko hainbat taldek antolatu dute martxa, “Homofobiarik ez” lelopean.

Manifestazioa Basauriko udaletxean hasi eta Bizkotxaldeko plazan bukatu da. Ekain Perrinok ere martxan hartu du parte, senide  eta lagunekin batera. Bestalde, LGTBIQ+ mugimenduko hainbat elkarte –Koordinadora 28J, Intifada Marika, EHGAM eta Sare lesbianista– ere batu dira mobilizaziora, Asier Iragorri alkatea (EAJ-PNV) eta hainbat alderdi politikoko ordezkariez gain.

Parte-hartzaile guztiek adierazi dute horrelako erasoak onartezinak direla. Martxaren amaieran, Perrinoren ondoan, bere mutil lagunak komunikatu bat irakurri du, erasoa salatuz eta konponbidea eskatuz: "Zoritxarrez, ez da lehenengo kasua, ezta azkena ere. Horregatik, kolektibo osoarekin batera borroka egiteko eskatzen dizuet. Homofobia onartu gabeko pandemia bat da, eta hori ezagutarazi egin behar dugu".

Perrinok berak Geuria hedabideari eskainitako elkarrizketan azaldu du, jipoiaren ondoren, egoera oso gogorra egin zaiola fisikoki eta psikologikoki. Gainera, beldurra medio, orain arte ez du erasoa publiko egin nahi izan. Hurbileko jendeak eta ezagutzen ez duen jendeak emandako babesak bultzatu du horretara. Orain, lekukoen laguntza eskatu du erasotzaileak harrapatzeko, jazotakoa errepikatu ez dadin: “Asteburu honetan egin badute, datorrenean ere egin dezakete. Niri ez bada, beste bati”. Momentuz, Ertzaintzak 18 eta 27 urte bitarteko bederatzi gazte identifikatu ditu

Igandeko erasoa

Perrino lagunekin eta mutilagunarekin zegoela gertatu zen erasoa, Basauriko Bizkotxalde plazan. Lagunengandik momentu batez urrundu zenean, hainbat mutilek jipoia eman zioten, eta konorterik gabe utzi zuten. “Marikoi zikina” (“maricón de mierda”) garrasi artean jasan zuen erasoa. Nazka ematen zuela ere esan zioten. Gorputz osoan jaso zituen kolpeak, batez ere buruan.  Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten.