argia.eus
INPRIMATU
Homofobiaren mapa: heriotza, kartzela, zentsura eta sexu berekoen arteko ezkontzak munduan
  • 69 herrialdetan (munduko herrialdeen hirutik batean) sexu berekoen arteko harremanak legez zigortzen dituzte oraindik, horietatik hamaikatan heriotza zigorrarekin. Kontrako norabidean, 28 herrialdek onartu dute dagoeneko sexu berekoen arteko ezkontza eta beste 34tan homosexualen arteko batasun zibilen bat. Homofobiaren mapa gaurkotu du nazioarteko LGBTI elkarteak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko abenduaren 15

Munduko LGBTI elkarterik handienak eman ditu datuak. Etsigarri samarra da: aurreko txostenarekin alderatuta, Gabon da harreman homosexualak zigortzeari utzi dion herrialde bakarra, eta 69 herrialdetan kriminalizatuta jarraitzen du: kartzelara joan zaitezke (zortzi urtera arteko espetxe zigorretatik bizitza osorako kartzelaldietara), publikoki flagelatu zaitzakete edo heriotzera zigortuko zaituzte (Saudi Arabian eta Yemenen kasu). Herrialde hauetako gehienak Afrikan, Asian eta Kariben daude, eta bitan, Egipton eta Iraken, legean jasoa ez badago ere, homosexualitatea zigortzen dela dio txostenak.

Gobernuetatik homofobian beste modu batzuetan sakontzen dela ere badio txostenak. Adibiderako, 52 herrialdetan Gobernuz Kanpoko LGBTI Erakundeen jarduna oztopatzen da, 42tan LGBTI edukiak zentsuratzen dira (“propaganda homosexuala” dela argudiatuta, esaterako), eta nola ahaztu LGBTI pertsonarik onartzen ez duten herri eta eskualdeak Polonian. Sotilago ere eragiten dute (Errusian espresuki jarri dute Konstituzioan ezkontzak behar duela izan emakume eta gizon baten artean).

Kontrako norabidean ari direnak

Munduko herrialde gehienetan (124tan) legezkoak dira sexu berekoen arteko harremanak eta 28 dira ezkontza homosexualak onartzen dituztenak, aurreko edizioan baino bi gehiago. Costa Rica izan da sexu berekoen arteko ezkontza onartzen azkena. Beste 34 herrialdetan, ezkondu ez baina bestelako batasun zibilen bat sinatu dezakete sexu berekoek. Handitu egin da baita ere diskriminazio LGBTIfobikoari aurre egiteko babesen bat onartu duten herrialdeen kopurua (gorroto eta diskriminazio delituen artean sexu joera ere kontuan hartuz, esaterako): aurrekoan 142 herrialde ziren eta orain 156.