argia.eus
INPRIMATU
Homofobiaren aurkako nazioarteko eguna gaur
  • Munduko hainbat herrialdetan, hainbat elkarte eta erakundek bultzatuta, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako eguna ospatuko da gaur.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 17a
EHGAMen afixa, gaurko elkarretaratzera deitzeko.

1990ean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen. Maiatzaren 17an izan zen. Gertaera garrantzitsu hori kontuan hartuta, urtero ospatzen da homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurkako eguna.

Sexu askapenaren aldeko EHGAM elkarteak elkarretaratzea deitu du Donostiako Bulebarrean, 19:30ean, Fobia guztien aurka eskratxea! lelopean. EHGAMek sarean zintzilikatu duen idatzian dio aurrerapausoak nabarmenak direla homofobiaren aurkako borrokan. Honela, auzo eta herrietan bikote homosexualak gero eta errazago ikusgarri egitea eta senide, lankide, lagun, sindikatu, alderdi politiko eta hedabideen aldetik babesa jasotzea nabarmentzen ditu. Hala ere, bada zereginik. Zazpi herrialdetan heriotz zigorra dauka homosexualak eta 70 herrialdetan delitua da. EHGAMek gogoan izan ditu apirilaren 6an Iruñean bortizki eraso zituzten bi gazteak. Gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko hiru probintzietan bullyng homo-lesbo-transfobikoa gertatzen dela eta 2012ko datuek hauxe diotela: Bizkaian 273 salaketa, Gipuzkoan 192 eta Araban 49.

EHGAMek maitasuna nahi den tokian eta nahi denean adierazteko eskubidea aldarrikatzen du, EAEn homofobiaren aurkako behatokia eskatzen du eta jendarteari deia egin dio fobia sexual guztien kontra konpromiso aktiboa har dezan.

Bestalde, EHUko Bizkaiko Campuseko hainbat ikastegitan Homofobia iraganeko kontua da erakusketa ibiltaria ikus daiteke. Apirilaren 22an abiatu zen eta maiatzaren 13tik 17ra EHUren Liburutegi Zentralean, Leioa-Erandio eremuan, egongo da. Hilaren bukaera bitartean Bizkaiko Campuseko beste hainbat eremutan ikusteko moduan izango da.