argia.eus
INPRIMATU
Homofobia, lesbofobia eta transfobia nabariak dira Gasteizen
  • LGTBI pertsonek jasaten duten jazarpena nabaria dela ondorioztatu du ikerketa berri batek. Gasteizko Udalak eskatutako lan bat da eta genero nahiz aniztasun sexualen esparruko beharrei erantzuteko xedearekin gauzatu dute.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 18a

Irainak, erasoak eta mespretxuzko begiradak pairatzen dituzte egunero LGTBI kolektiboko herritarrek. Sentsibilizazioan eta formakuntzan fokua jartzea ezinbestekoa dela diote txostenaren egileek.

Kualitate Lantaldeak eta Aldartek eginiko ikerketa da. Ikuspuntu intersekzional batetik jorratu dute gaia, hau da, elkarrizketatu bakoitzaren errealitatea aintzat hartuz: adina, jatorria, aniztasun funtzionala, egoera profesionala…

Txostenak ondorioztatzen duenez, oroar gasteiztarrei ez zaizkie interesatzen LGTBI kolektiboaren beharrak; herritarrak ez dira kezkatzen kolektiboaren egoeraz. Askoren begietara ikusezinak dira eta gaur egun espazio publikoa arriskutsua dela adierazi dute, ez baitira “seguru” sentitzen. Esaterako, Gasteizko Jaietan babesgabe sentitzen diren urteko unerik esanguratsuena dela zehazten du txostenak. Halaber, emaitzek diote Gasteizko Txosnak eremurik seguruena direla.

Hezkuntza arloan, hainbat kasutan, irakasleen aldetik ere erasoak jasaten dituztela nabarmendu dute; osasunaren esparruan atera duten ondorioa profesionalek kolektiboarekiko duten ezagutza eza da, buruko gaixotasunak artatzeko orduan kasu. Sentsibilizazioa eta formakuntza giltzarritzat jo dituzte egileek, “berdintasuna bermatzeko, bereizkeriekin amaitzeko eta etorkizun oparotsu bat eraiki ahal izateko”.