argia.eus
INPRIMATU
Hollandek “borrokarako gobernua” osatu du, Manuel Valls lehen ministro izendatuta
  • Asteburuko Frantziako herriko bozetan PSek lortutako emaitza eskasen ostean, François Hollande presidenteak gobernua berrantolatu du: Manuel Valls izango da lehen ministro hemendik aurrera.

Ane Lusarreta 2014ko apirilaren 01
Manuel Valls Frantziako lehen ministro berria atzean, eta Jean-Marc Ayrault lehen ministro ohia lehen planoan. (Arg: Daily Mail)

Orain arte barne ministro zen Vallsek Jean-Marc Ayraulten lekua hartuko du. 150 udal nagusitan baino gehiagotan Alderdi Sozialistak gehiengoa galdu ostean eta eskuinaren gorakada ikusirik, dimisioa aurkeztu du orain arteko lehen ministroak. Estatuko buruzagiak telebista bidez zabaldu du notizia eta izendapen berria, eta “etapa berri baten hasiera” iragarri du.

Manuel Vallsekin Frantziak gobernu murritzago eta “borrokalariagoa” izango duela esan du Hollandek, eta Vallsek hiru helbururekin gobernatuko duela adierazi du: Frantziari indar ekonomikoa itzultzea, justizia sozialean zentratzea eta frantsesen ahalmen ekonomikoa handitzea.

“Enpresak dira lana sortzen dutenak, injustiziarik handiena langabezia da. Beraz erabakigarria da gehiago eta desberdin produzitzea, gure herrialdearen etorkizunerako“, esan du Hollandek.

Zergen murrizketa agindu zuen Frantziako presidenteak eta langileek ordaindutako kotizazioak jeitsiko dituela esan du. “Frantziak Europan eta munduan zuen influentzia birkonkistatu” beharra dagoela esan du 2012an Nicolas Sarkozyren lekua hartu zuenak.

Manuel Vallsek barne ministro bezala izan duen agintaldia polemikaz betea izan da: Kosovoko ijito familia bat Frantziatik kanporatu zuen eta ETAren aurka egiteko Espainiarekin kidetasun handia eduki du, besteak beste.