argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriaren “metamorfosi ekologikoaren” aldeko manifestaziora deitu dute 26 egiturak
  • Larunbatean helduko da ekologiaren eta klimaren aldeko martxa Baionara. Karia horretara antolaturiko manifestazioak sostengu zabala bildu du. Herriko hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaiei trantsizio ekologikoaren aldeko konpromisoak harraraztea du helburu antolatzaile den Bizi! talde ekologistak.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 05a
Martxaren abiatzea Mauletik

Euripean bada ere, aitzina doa Maule Baionari lotzen duen ekologiaren eta klimaren aldeko martxa. Asteartean abiatu ziren Zuberoako hiriburutik eta larunbatean helduko dira Lapurdikora, orotara 120 kilometro buruturik oinez. Bukaeran eginen duten manifestazioak sostengu zabala lortu du: orotara hogeita sei erakundek dute mobilizazioarekin bat egin. Besteak beste, ELB, Euskal Herriko Extintion Rebellion, I-Ener eta Eusko dira deitzaileen artean.

Herriko bozetarako hautagaiei deia

Herrietako hauteskundeak direla eta, hautagaitzak presionatzeko eta klima aldaketaren gaia jendarteratzeko xedez aritu da martxa antolatzen Bizi! elkarte ekologista. Hain zuzen, trantsizio ekologikoa gauzatzeko konpromiso argiak hartzea eskatzen die elkarteak hautagaiei. Horra galdetua zaiena: energia berriztagarrien garatzea; ekonomia zirkularraren alde egitea eta zaborren gutxitzeko neurriak gauzatzea; eusko monetaren erabilpena sustatzea; tokiko eta kalitatezko laborantza sostengatzea; kalitatezko garraio publiko baten alde lan egitea; baita elektrikaren kontsumoa ttikitzeko neurriak garatzea ere.

Konpromisoa hartu nahi duenak “metamorfosi ekologikoaren ituna” izenpetuko du. Ostegun honetan emanen du izenpetzaileen zerrendaren berri Bizi!-k. Larunbateko manifestazioa 15:00etan abiatuko da Baionako herriko etxe aitzinetik. Ondotik besta giroak segituko du Baiona Ttipiko Tonneliers karrikan.