argia.eus
INPRIMATU
Hogeikada berria hastear dago
  • Erdarazko kanta famatu batek “que veinte años no es nada” esaten du. Beti iruditu zait txorakeria, baina, adin kontua izango da, gaur egun bete-betean asmatu duela ikusten dut. Bi hamarkada berehala pasatzen dira, baina eragin garbiak uzten dituzte, onerako zein txarrerako.

Arkaitz Zarraga Azumendi @azarramendi 2017ko martxoaren 22a

Gezurra dirudien arren, hogei urte joan dira azken BAI EUSKARARI hartan bost estadioak bete genituenetik. Hogei urte betetzen ziren orduan, 1978an San Mamesen euskararen aldeko usoak famatu zirenetik. Konstituzioa ezarri zuten urte hartan, hogeikada betetzen zen euskararen inguruko mugimendua abiatu zenetik. Izan ere, hogei urte lehenago euskararen biziberritzerako oinarriak jartzen hasi ziren. 1958. urtearen inguru hartan erregimenaren itolarritik irteteko, euskarak behar zituen oinarrizko lanak egiten hasi ziren: fonetika, morfologia, literatura… Haien ondotik heldu ziren ikastolak, euskaltegiak….

1958aren aurreko hogeikada iluna izan zen. 1938an Euskal Herriko hegoaldea suntsituta eta burumakur geratu berri zen. 38-58 euskararen bi hamarkadarik ilunenak izan dira zalantzarik gabe. Hogei urte lehenago emandako urratsak bertan behera geratu ziren. Ez dezagun ahaztu, hogei urte lehenago, 1918an, Eusko Ikaskuntza sortu zela, eta bere eskutik Euskaltzaindia urtebete geroago. Beraz, argi esan daiteke gure hizkuntzaren azken mendearen historia hogeikadaka osatu dela.

Hirugarren BAI EUSKARARI beharko genuke? Ala, agian, jarreretatik portaeretara salto egin eta EUSKARAZ BAI edo antzeko zerbait asmatu beharko dugu? Leloak asmatzen trebeagorik egongo da. Deliberazioa, sendotasuna eta jarraikortasuna denon ardura izango da

Munduan eredugarria izan den prozesua egin dugu. Herri askotan eskertu egiten dute gure eredua eta laguntza. Harro egoteko arrazoiak badira, baina, kontuz! Bidearen zati txikia baino ez dugu egin. Benetako biziberritze osorako hurrengo urratsak zeintzuk izan behar diren argitu behar dugu. Horretarako, besteek gugandik bezala, guk ere besteengandik asko dugu ikasteko,

Hogeikada horiei begiratuta, argi ikus daiteke euskararen zikloak gertaera politikoei zuzenki lotuta egon direla. Azkena Lizarra-Garaziko Akordioa gogoangarriarekin batera abiatu zen. Prozesu politiko hark bezala, normalizaziorako bulkada hark ere ez zuen espero zitekeena eman. Baina harrezkeroko garai gazi-gozoa izan den arren, arlo batzuetan aurreratu dugu; esperientzia batzuk oso baliagarriak izan dira, eta, batez ere, ezagutza metatu dugu datorren hamarkadan urrats sendoak eman ahal izateko.

Orain ere gertaera politiko garrantzitsuak gertatu dira eta gertatzen ari dira, eta hogeikada berrirako prestaketa lana aspaldi ari da gertatzen. Txerra Rodriguezek artikulu paregabean ondo laburbildu ditu datorren hogeikada hasten dela adierazten duten zantzuak. Orain sinergiak bilatu, lehentasunak ezarri, baliabideak nabarmenki handitu eta doitu, guztiok norabide berdinean arraunean hasi eta euskara beste egoera batera eramateko unea dugu. Jar gaitezen, bada, guztiok horretara.

Ez du ematen aurtengo Hegoaldeko aurrekontuek aukera handirik emango dutenik askoz urrats sendoagoak emateko, baina oraindik 2017an gaude. Beharbada 2018an.

Hirugarren BAI EUSKARARI beharko genuke? Ala, agian, jarreretatik portaeretara salto egin eta EUSKARAZ BAI edo antzeko zerbait asmatu beharko dugu? Leloak asmatzen trebeagorik egongo da. Deliberazioa, sendotasuna eta jarraikortasuna denon ardura izango da.

Arkaitz Zarraga, Hizkuntza irakaslea da