Protesten lau liderrek hogei urteko espetxe zigorra dute eta guztira 53 auziperatu izan dira.
Casablancako apelazioko auzitegiak “Estatuaren barneko segurtasunaren aurka” egiteagatik atxilotu zituen 2016ean eta 2017an Rifen izandako protestetan parte hartu zuten pertsonek eta “altxamendu eta debekatutako protestetan parte hartzea” egotzi diete.
Protesten buruek jaso dituzte kartzela zigor handienak, hogei urtekoak. Beste 49ek urtebetetik hamabostera bitarteko zigorra jaso zuten. Hauek izan dira zigorrak: lau pertsonak 15 urteko zigorrak dituzte, zazpi pertsonak hamar urtekoak, hamar pertsonak bost urtekoak, zortzik hiru urtekoak, hemeretzik bi urtekoak eta batek urte batekoa. Salbuespen bezala, pertsona batek 5.000 dirhameko isuna jaso du. Sententzia irakurtzean auzi gelan ez zegoen akusaturik eta haien familiek eta lagunek Estatuaren aurka kantu erlijiosoak oihukatu dituzte, baita “Gora Rif” bezalakoak ere.
Defentsaren abokatuetatik bakarrak onartu du errekurtsoa jarriko duela. Estatuaren abokatuak, aldiz, adierazi du kartzela zigorrak “oso arinak” direla.
Atxilotuen artean Nasser Zafzafi dago. Bera bilakatu zen ustekabeko iraultza honen burua,iman baten sermoia eten zuelako meskita batean. Matxinada zibil bezala kontsideratu dute askok Rif-en pasa zena. Matxinadak ez zuen egitura argirik baina Hirak izenez ezagutzen den mugimenduan oinarritu zen 2016tik aurrera, eskualdeak sufritzen dituen atzerapenak salatzeko: ekonomia atzerapena, gazteriarentzako aukera falta eta zerbitzu publikoen eskasia.
Arazo horiek historikoak eta estrukturalak izan arren, arrain-saltzaile batengatik hasi zen matxinada. Al-Hoceima-ko Mohsen Fikri arrain-saltzailea zabor kamioi baten barruan hil zen barne mekanismoak zapalduta, poliziak bere salgai guztiak konfiskatu ondoren, ilegalki arrantzatzeagatik.