“Talde kriminal antolatua izatea” eta “derrigortze eta bortxa delituak egitea” leporatu diete, 2021ean Lekarozen Aroztegiko obrak geldiarazteko egindako kanpaldiaren harira.
Baztango Aroztegia proiektuaren aurka, kanpaldi luzea egin zuten 2021eko udaberrian, tartean obrak aurrera eraman nahi zituzten makinen aurrean eserialdiak burututa. Xehe kontatu genuen ARGIAn. Orain, desobedientziaz borrokatzeko eskubidea kriminalizatu nahi dutela salatu dute auzipetuek, astearte honetan emandako prentsaurrekoan. “Epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu" nahi dutela argi dute: “Isilarazi nahi gaituzte, eta ez dute lortuko”.
Aroztegiko borrokan aritu diren urte hauetan, “sistematikoki jazarpen judizial, polizial eta ekonomikoa pairatu dugu”, gaineratu dute, baina honako honetan “marra gorri guztiak” gainditu dituztela nabarmendu dute: “Orain zazpi laguni tokatu zaigu gustu txarreko zirku honen parte izatea”.
Kanpaldi desobedienteak
2021eko udaberrian, obrak aurrera eraman nahi zituzten Palacio de Arozteguia SL, TEX eta QUEIPO SL enpresak handik alde egitea lortu zuen mugimendu herritarrak, kanpaldiak antolatuta: “Espekulazioaren mamurru beltzak bere makinekin, beraiendako espreski egindako legeak errespetatu gabe eta Baztango herritarren eta tokiko erakundeen erabakien gainetik pasatuz, gure lurrak xehatzera etorri ziren. Etxerat igorri genituen”.
Nafarroako Gobernuari gogorarazi diote “ebatsitako lurrak berriz nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzearen erantzukizuna berea dela”.
“Borroka ez da akitu”
Borroka hau oraindik ez dela amaitu nabarmendu dute prentsaurrekoan, eta UGEPa bertan behera uzteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Gogorarazi diote “ebatsitako lurrak berriz nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzearen erantzukizuna berea dela”.
Azkenik, “pairatzen dugun errepresio ekonomikoaren aitzinean” elkartasuna eskatu dute, eta harremanetan jartzeko emaila eman dute: aroztegia_elkartasuna@ni.eus
Ikusi Ahotsa.info-ren bideoa: