argia.eus
INPRIMATU
Energia nuklearraren ekoizpena 2050erako hirukoiztea adostu dute COP28 gailurrean 22 herrialdek
  • Energia Nuklearra Hirukoizteko Adierazpenak "energia nuklearraren funtsezko papera" aldarrikatzen du kutsadurari eta tenperatura igoerari aurre egiteko. Sinatzaileen artean daude Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Arabiar Emirerri Batuak, Maroko, Suedia edo Frantzia. AEBetako Energia Departamentuak eman du itunaren berri, eta bat egitera deitu ditu gainerako herrialdeak.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 05a
Adierazpena sinatu duten 22 herrialdeetako estatuburuak eta goi-funtzionarioak.

2050erako energia nuklearra ekoizteko ahalmena hirukoiztea. Hori da Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 2023ko Biltzarrean (COP28) 22 herrialdek astelehen honetan sinatutako akordioa, Elsalto-k argitaratu duenez. Sinatzaileentzat energia nuklearra “ezinbestekoa” da negutegi efektuko gasen isuri garbia zerora jaisteko, tenperaturaren gorakada 1,5ºC-ra mugatzeko eta Garapen Iraunkorrerako helburuak betetzeko. “Zentral nuklearrek modu arduratsuan funtzionatzen dutela bermatzeko” neurriak hartzeko konpromisoa jasotzen ere du adierazpenak.

Astelehenean bertan, Frantziako presidente Emmanuel Macronek eskatu du Munduko Bankuak, nazioarteko finantza-erakundeek eta garapenerako banku multilateralek “energia nuklearra mailegu energetikoen politiketan" sartzea. Hori da, hain zuzen ere, Energia Nuklearra Hirukoizteko Adierazpenaren sinatzaileek adostu duten helburuetako bat.

Herrialde sinatzaileak

Hauek dira ituna sinatu duten herrialdeak: Estatu Batuak, Bulgaria, Kanada, Arabiar Emirerri Batuak, Eslovakia, Eslovenia, Finlandia, Frantzia, Ghana, Hungaria, Japonia, Maroko, Moldavia, Mongolia, Herbehereak, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Koreako Errepublika, Errumania, Suedia eta Ukraina.