Patrick Poivre d'Arvor Frantziako telebista aurkezlearengandik sexu erasoak jasandako hogei emakume elkartu ditu Frantziako Mediapart hedabide digitalak eta banaka banaka kamara aurrean bere lekukotasuna eman dute. Zazpik salatu dute bortxatu zituela, eta sexu erasoetatik hamahiru TF1 telebista katearen bulegoetan egin zituen. Zuzendaritzak ez ote zekien ezer galdetu dute. Poliziaren aurrean sexu erasoak salatu dituztenak hamasei emakume dira eta Poliziak guztira 26 lekukotasun jaso ditu bere ikerketan.
Maiatzaren 10 arratsaldean sareratu du Frantziako Mediapart hedabide digitalak A l'air libre ikerketa kazetaritzako saioa (hemen ikus daiteke osorik).
1985etik 2015era egin zituen erasoak TF1 telebista katean albistegia aurkezten zuen Patrick Poivre d'Arvor-ek (PPDA). Zazpi emakumek bortxatu egin zituela salatu dute, horietatik bi adingabeak zirenean. Gainerakoek salatu dute sexu erasoak eta jazarpena jasan zituztela.
Poliziaren aurrean jarritako lehen salaketa 2021ean izan zen: Florence Porcel-ek 2004an eta 2009an PPDAk bortxatu zuela salatu zuen. 2004ko bortxaketa kasua preskribatua da, baina bigarren bortxaketarengatik ikerketa judiziala irekia dago. Honen ondotik beste hamabost pertsonak jarri dute salaketa Poliziaren aurrean eta honek 26 emakumeren lekukotasunak bildu ditu.
Poliziaren txostenak jasotzen duenez, PPDAk bazuen eraso egiteko modu bat. Hauetatik hamahiru berak albistegia aurkezten zuen TF1 telebistako bulegoetan egin zituen. Emakumeak albistegia ikustera "gonbidatzen" zituen eta ondoren bere bulegora eramaten zituen eta han eraso egiten zien. TF1 telebista kateko erredakzio kideek eta zuzendaritzak ez ote zekiten beren geletan hainbatetan errepikatu ziren eraso hauen berri? Hori da erasotuak izan direnek egiten duten galdera. Oraingoz, TF1 kateko zuzendaritzak ez du kasua argitzeko barne ikerketarik egin.
Frantziako Poliziak 2021ean galdekatu zuen PPDA, bere aurkako salaketez. Gauza gehienetaz "ez zela gogoratzen" erantzun zuen. Orain, berak jarri du salaketa hamasei emakumeren aurka, bere ohorearen aurka jardutea leporatuta. Tartean da Nora Arbelbide Berriako kazetaria eta adierazpen hauek egin ditu euskarazko egunkarian: «Erruduntasunaren alderantzikatze bat da, biktima bera balitz bezala. Edozein gisaz, edozer egin bagenu ere, beti gu agertzen gara errudun. Florence Porcel mintzatu delarik, banekien sostengatu behar zela. Hamasei gara, baina, bakarra balitz ere, sinetsi eta sostengatuko genuke».
Berrian elkarrizketa mamitsua egin dio Nora Arbelbideri Jone Arruabarrenak: "PPDAk egiten duena ez da ligatzea, ez dago sedukzio izpirik".