Sidenorrek kaleratutako oharrean argindarra garestitu izana jarri du jarduera eteteko argudio gisa. Azaldu du iaz 60 euro inguru ordaintzen zuela orduko MegaWattio argindarra, urri honetan 227 euro ari dela ordaintzen eta azaro-abendurako bere aurreikuspenen arabera 284 eurora iritsiko litzatekeela. Argudiatu du bere produkzio kostua tonako 200 eurotik gora handitu duela horrek eta hori guztia kontuan hartuta, enpresa komiteari eta langile guztiei jakinarazi dietela 20 egunean etengo dutela jarduna. ELA sindikatuak informazio orokorregia eman dietela nabarmendu du.
Sidenorrek 20 eguneko geldialdia egiteak esan nahi du gaurdanik urte bukaera bitarteko lanegun produktiboen %30a etengo duela. Enpresak iragarri duenez, lehenik Basauriko lantegiari eragingo dio etenak, eta ondoren mailaz maila gainerakoei: Euskal Herrian beste bi lantegi ditu, Gasteizen eta Azkoitian.
Sidenorrek erabaki hau publiko egin duen egun honetan bertan, Eusko Jaurlaritzak iragarri du ostiral honetan bilera egingo duela argindarraren garestitzeak gehien kaltetu dituen industria sektoreekin.
ELA sindikatuak salatu du Sidenorreko zuzendaritzak "inolako azalpenik eman gabe" jakinarazi diola Basauriko lantegiko enpresa-batzordeari jarduera 20 egunez gelditzeko asmoa duela. "Egindako bileran, sindikatuek erabaki horren arrazoietan sakontzen saiatu dira, eta eskaerei eta kostuei buruzko informazioa eskatu dute. Halaber, elektrizitatearen hazkundearen eragina ezagutu nahi izan dute, baita enpresak konpainia elektrikoekin duen kontratuaren informazio zehatza ere. Hala ere, Sidenorrek ez du inolako erantzunik eman, elektrizitatearen prezioaren igoerari buruzko aipamen orokorra izan ezik. ELAren ustez, ezinbestekoa da informazio gehiago izatea neurriaren arrazoiak ezagutzeko".