argia.eus
INPRIMATU
Hogar Social talde neonazia alderdi gisa erregistratu da Espainian
  • Hogar Social mugimendu neonazi espainiarra alderdi gisa erregistratu da eta Espainiako Estatu osoan zabaltzeko asmoa dauka ElDiario.es-ek argitaratu duenez. Otsailaren 28an egin zuen eskaera Espainiako Barne Ministerioan alderdi gisa erregistratzeko eta aipatutako hedabide digitalak baieztatu ahal izan duenez, legeztatuta daude dagoeneko.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 06a
Hogar Socialeko kideak manifestazio batean.

Italiako Casa Pound mugimendu neofaxistan inspiratzen da Hogar Social: hutsik dauden eraikinak okupatu izan ditu eta problema ekonomikoak dauzkaten pertsonei laguntza eskaini. Hori bai, espainiarrei bakarrik laguntzen die, atzerritarren kontrako jarrera nabarmentzeko.

Taldeak sare sozialetan eta hedabide espainiarretan oihartzuna lortu du azken urteetan, ekintza deigarriak antolatuz: 2016ko irailean Espainiako alderdi-sistema kritikatzeko Palace hoteleko gela bat alokatu zuten eta hango balkoitik zintzilikatu zuten “Había una vez un circo” (Bazen behin zirku bat) zioen kartela.

Hogar Socialen ideologia faxista aldarrikapen sozialen pean ezkutatzen saiatu izan dira, baina indarkeria erabiltzeagatik ere ezagunak egin dira. Besteak beste, 2017ko Bartzelonako atentatu jihadisten ostean etorkinen aurkako erasoak egin zituzten Madrilen eta Granadan. Ekintza horiengatik, Espainiako Estatuko fiskaltzak gorroto delitua leporatu zien hasieran Hogar Socialeko 11 kideri, baina gero zigor eskariak erretiratu zituen, taldeko liderra den Melisa Rodriguez bakarrik ikertzeko eskatuz.

PP, Ciudadanos, Vox, UPN, Falange eta España 2000 alderdiek bezala, Hogar Socialek ere parte hartu zuen otsailean Madrilgo Colón plazan Espainiaren batasunaren alde egindako elkarretaratzean.

Eskuin muturreko alderdiak Espainian izaten ari diren gorakadaren erakusgarritzat har daiteke Hogar Socialek hauteskundeetara aurkezteko adierazi duen asmoa. 2018ko Andaluziako hauteskundeen ostean PP, Ciudadanos eta Vox-en indarrak batuta osatu zen erkidegoko gobernu berriak giroa berotu du apirilaren 28ko bozetan eta maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeetan partidu eskuindarrek bat eginda instituzio gehiagoren kontrola hartzeko.

Talde neonaziak oraindik ez du argitu 2019ko zein hitzordu elektoraletan aurkezteko asmoa duen.