argia.eus
INPRIMATU
Hodeian informazioa gorde eta partekatzeko alternatiba burujabea Euskarabildua jardunaldietan: Nextcloud
  • Hodei propioa eraikitzea ahalbidetzen duen software librea da Nexcloud, datuen pribatutasuna zaintzen duena. Dokumentuen biltegia eta partekatzeko gunea izateaz gain, bestelako funtzionalitateak ere integratzen ditu: bideo-deiak egiteko Talk sistema; egutegia; posta elektronikoa; inkestak, besteak beste.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 24a

Bizi dugun digitalizazioaren aro honetan edozein erakunderentzat funtsezkoa eta premiazkoa da online lana egitea eta ondorioz, bulego birtualaren kontzeptura aski ohituta gaude. Horrek dakar erakundearen informazioa hodeian gordetzea beharrezkoa dela, edozein lekutatik lan egin ahal izateko, kideen artean dokumentuak partekatzeko eta abar.

Google Drive, OneDrive edo Dropbox moduko zerbitzuak ezagutzen ditugu. Dokumentuak gorde, partekatu eta gailuen artean sinkronizatzeko aukerak eskaintzen dizkigute. Baina badakigu zer arrisku dakartzan gure datuak Google edo Microsoft gisako enpresa pribatuen esku uzteak? Eta zer egin dezakegu tresna horiek gure erakundearen funtzionamendura egokitzen ez badira?

Multinazional horien alternatiba etikoa eta burujabea da Nextcloud. Web zerbitzarietan hodei propioa eraikitzea ahalbidetzen duen software librea da, datuen pribatutasuna zaintzen duena. Dokumentuen biltegia eta partekatzeko gunea izateaz gain, bestelako funtzionalitateak ere integratzen ditu: bideo-deiak egiteko Talk sistema; egutegia; posta elektronikoa; inkestak...

Gainera, software librea den neurrian, erakunde bakoitzaren beharretara egokitzeko aukera gehiago dago, baita euskaraz lan egiteko aukera ere.

Asier Etxeberriak, Iametzako kideak Euskarabildua jardunaldian Nextcloud softwarearen ezaugarriak erakutsiko ditu.

Euskarabildua jardunaldia urriaren 26an egingo da Donostiako San Telmo museoan eta antolatzaile da ARGIA, Iametza eta Ametzagaiña taldeko enpresekin batera. Bertaratu nahi izanez gero, Euskarabilduaren webgunearen bidez izena eman daiteke.