argia.eus
INPRIMATU
Iritzia
Hodei Ijurko, hamar urte eta gero
  • Hamar urte eta gero Hodei Ijurko atxilotu, jipoitu, ehunka kilometrotara espetxeratu, isolatu, berriz jipoitu, epaitu eta zigortu egin zutenen arrastorik ez. Hamar urtez terrorista, demokraziaren etsai, bortitz, totalitario, fanatiko deituz bere izena zikindu dutenen usainik ez. Zerriak!

Joxe Aldasoro 2018ko urriaren 12a

Hamar urte.  Herritarrek hitz egin duten arte. Bakean uzten zaionean herriak hitz egiten badakielako, hitz egiten duelako. Esaten duena entzuteko belarriak behar, gogoa. 

Hitz egin dute lagunek, koadrilakoek, kintoek, senideek, musikariek, abeltzainek, dantzariek, zinegotziek, ezagutzen ez zuten gazteek, duen adina ahaztuta zuten zaharrek, ideologikoki gertu zein antipodetan dituenak ere. Txaloka, garrasika, bengalak piztuz, dantzan, zarataka, pozik, suziriak botaz, festa giroan, builaka, alai. 

Hitz egin dute eta hauxe diote: ezin izan zaitugu lehenago ekarri! Bazen garaia! Ez dago eskubiderik! Aspaldi behar zenuen etxean! 

Ez da hala ere inprobisatutako diskurtsoa izan. Norbaitek askatu ditu, momentu batez behintzat, josirik dirauten  herritarren ezpainek. Preso egon den bitartean elkartasunaren soka lotu dutenak; astero-astero gainontzeko presoen berri ere eman dutenak; isunak, fidantzak eta presoei egunerokoa arintzeko  milaka euro bildu edo espetxe atariraino furgonetak gidatzen dituztenak; ilegalizazioan zaildutako pertsonak; poliziari aurre egiten zein legeari muzin egiten aritutakoak. Horiek guztiek, zer gertatuko zen ongi jakin gabe izan dira plastiko beltza urratu eta herritarrei aukera eman diotenak urteetan isilarazia izan den epaia plazaratzeko: ongi etorria!

Eta ez hori bakarrik,  Hodeirekin garrasi, dantza, negar, topa egin genuenok aski, kito, bale, nahikoa da oihukatu genuen. Sobera, gehiegi ordaindu dutelako, denak etxera. Orain presoak.  

Joxe Aldasoro Jauregi