Francok ezarritako erramu hostozko Nafarroako armarriak eraikin ofizialetan dirauela salatu dute José Pérez Aznarri egindako omenaldian.
Cintruenigoko Larga kaleko etxera sartu eta preso hartu zuten faxistek José Pérez Aznar 1936ko abuztuaren 13an, Gerra Zibila hasi berritan. Herriko beste zazpi lagunekin batera Alfarora (Errioxa, Espainia) eraman ostean, Yergako areka batean fusilatu eta lurperatu zuten. 1978an berreskuratu zuten hezurdura: Cintruenigoko zortziez gain, Milagroko bost lagunen hezurdurak ere bazeuden hobi komunean.
Pérez Aznarri omenaldia egin diote bere heriotzaren 80. urteurrenean, faxistek preso hartu zuten etxearen atarian plaka bat ezarrita. Omenaldian azaldu dutenez, Cintruenigoko hilerrian 1936an fusilatutako beste 20 lagunen hezurdurak egon daitezke. Garaiko ehorzlearen argibideak jarraiki egin dute salaketa: hobia sekula ez dela ikertu ohartarazi dute.
Ikurrak kentzeko eskaria
Cintruenigoko ikur frankistak kentzeko eskatzeko ere baliatu dute elkarretaratzea. Besteak beste, zenbait eraikin ofizialetan erramu hostodun Nafarroako armarria dagoela salatu dute; Francok ezarritako kondekorazio militarra da.
Horrez gain, herriko musika eskolak Antonio Martinez Caraccioloren izena daramala arbuiatu dute omenaldian. Fusilatuen alargunei ilea moztu ohi zieten, eta haiek jendaurrera ateratzeko momentua iragarri ohi zuen Martínez Caracciolok danborra joz.