argia.eus
INPRIMATU
“Hobeto nago nire etxean, askatasun handiagoa dut”
  • Desgaitasun intelektuala duten pertsonek ere modu independentean bizitzeko eskubidea dute, non, nola eta norekin bizi erabakitzeko eskubidea. Hori aldarrikatu du Atzegiren aurtengo kanpainak, “Nire erara bizitzeko erronka” lelopean. 43 urteko Nagore Bergarak bere esperientzia kontatu digu: aitaren etxea utzi eta pisukide batekin batera bere kabuz bizi da duela sei urtetik, Donostiako alde zaharrean.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urriaren 19a
Argazkian, Nagore Bergara

“Hobeto nago nire etxean, lasaitasun handiagoa dut, askatasun handiagoa”, esan digu Bergarak; azken finean, bere bizimodua antolatzeko erabakimen handiagoaz goza dezake. “Ez dugu kontrolik nora joan, zer jan, zer egin… erabakitzeko orduan”. Laguntza ere badu: astean bitan gerturatzen da etxeko kontuekin laguntzen dien emakumea (garbiketa, erosketak, asteko menua…) eta akonpainamendua ere egiten die, sostengu emozionala. Horrez gain, astean ordubete inguru egoten da Martin Zabala Atzegiko langilearekin, kontu ugariren bueltan aritzeko (zalantzak, kezkak, gestioak…), eta Atzegiko kide gehiagoren laguntza ere badu zeregin ugaritarako.

Izan ere, eguneroko erronka eta zailtasunei aurre egiteko, bidelagun dituzte Atzegi Adimen Urritasuna duten Pertsonen Aldeko Gipuzkoako Elkarteko langileak. “Laguntza behar badut, eskatu egiten dut”, dio Bergarak. Hasieran, adibidez, erosketak gaizki egiten zituela aitortu digu, ez zuela produktuen prezioa begiratzen eta irizpide handirik gabe saskiratzen zituela gauzak, baina ikasi duela.

"Laguntza behar badut, eskatu egiten dut. Hasieran, adibidez, erosketak gaizki egiten nituen, prezioak begiratu gabe, baina ikasi dut"

Bestelako etxebizitza eredu bat, tutoretzapeko pisuetatik harago

“Jendeari erabat harrigarria zaio adimen desgaitasuna duen jendea bere kabuz bizitzea pisu batean. ‘Baina bakar-bakarrik daude? Monitorerik gabe inguruan, gauetan inor joan gabe?’ galdetu ohi didate”, adierazi digu Martin Zabala Atzegiko langileak. Garai batean ikasketei eta lanari lotuta genituen aurreiritziak –desgaitasuna duen pertsonak ezin du ikasi, ezin du lanik egin–, etxebizitzari lotuta mantentzen dira gaur egun, eta horregatik da inportantea errealitate hau bistaratzea. Bizimodu independentearen bidean, gainera, urrats garrantzitsua da bizileku propioa. “Autonomia eta menpekotasuna uztartuz, hainbaten kasuan bideragarria da bestelako etxebizitza eredu bat, tutoretzapeko pisuetatik harago”, nabarmendu digu Zabalak.

Egunerokoan nola moldatzen den azaldu digu Bergarak: pisukidearekin duen elkarbizitza, Gureak-en egiten duen lana, aisialdian paseatzeko hartzen duen tartea… eta asteburuetan bakarrik bizi den lagunaren etxera joan ohi dela maiz, lo egitera –bera ere Atzegiren programaren barruan–.

"Jendeari erabat harrigarria zaio adimen desgaitasuna duen jendea bere kabuz bizitzea pisu batean"

Gure bizitza proiektua sortzeko ametsa

“Modu independentean eta nahieran bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Bai, bakarrik bizitzea erronka bat da, baina pertsona guztiontzat izan ohi da erronka, bere gauza on eta txarrekin. Gazte guztiok dugu gure bizitza proiektua sortzeko ametsa, desgaitasunen bat duten pertsonek ere berdin, bakoitzari behar duen laguntza bermatuz”.

Gipuzkoan, modu independentean bizi diren 57 lagun ditu programa honetan Atzegik. Eta bide horretan sakontzen jarraitzeko Bizitza Independenterako Prestakuntza Tailerrak jarriko dituzte abian urrian, desgaitasun intelektuala duten eta etorkizunean modu independentean bizitzeko desiraz edo jakin-minez diren pertsonei zuzenduak.