argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko La Moreako H&Mko langileek sei hilabete bete dituzte greban, prekarietatearen aurka
  • Enpresak negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, eta 20 milioi euro dibidenduetan banatu ditu langile gehienek hilean 500 euro kobratzen dituzten bitartean, ELAk jakitera eman duenez.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2023ko ekainaren 09a
Shakiraren kantu bati hitzak aldatu eta egin zuten bideoklipak oihartzun handia eman zien sarean.

La Morea merkataritza guneko H&M dendako 18 langileek bihar 6 hilabete beteko dituzte greba mugagabean, lan baldintzak hobetzeko borrokan. 2009tik soldata izoztuta dute eta erosahalmenaren %25 galdu dute. Horri gehitu behar zaio langile gehienek lanaldi partziala dutela, eta, beraz, 500 euroko soldata dutela.

Aldarrikapen nagusiak, erosahalmena berreskuratzeko soldata igoerez gain, igande eta jaiegunetan irekitzearen aurkako neurriak, partzialtasuna murrizteko benetan lan egiten diren lanaldiak egonkortzea eta online salmentak lanposturik ez suntsitzea dira.

Enpresak negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela salatu du ELAk, eta hilabete hauetan aldarrikapenetatik "oso urrun" geratzen den eskaintza bat baino ez duela egin. ELAren hitzetan, eskaintza horrek "H&M-ko prekarietatea betikotzea ekarriko luke".

"Denbora honen guztiaren ondoren eta denda itxita eduki arren, enpresak ez du benetako negoziaziorako eta, beraz, gatazka honi amaiera emango dion borondaterik. Bien bitartean, H&M-k 20 milioi euro banatu ditu dibidenduetan", dio sindikatuak.

Horregatik, langileek grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela ziurtatu ELAk, lan baldintzak hobetuko dituen enpresa hitzarmen bat negoziatzera behartzeko.