argia.eus
INPRIMATU
H&M dendetako langileek greba mugagabeari ekin diote Hego Euskal Herrian
  • Suediako arropa denda multinazionalak Hego Euskal Herriko 56 langile kaleratuko dituela iragarri du. 2019an 1.270 milioi euroko irabaziak izan zituen eta ELA sindikatuak jakinarazi duenez, kaleratze hauek on-line salmenta sustatzeko politikarekin dute lotura.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 04a

H&M dendetako langileek greba mugagabea hasi dute maiatzaren 3an, kaleratze kolektiboen eta lan-murrizken aurka. Murrizketa honek Hego Euskal Herriko zortzi dendei (6 EAEn eta 2 Nafarroan) eta 229 langileei eragingo die eta 56 langile kaleratuko dituztela iragarri dute: 52 EAEn eta 4 Nafarroan.

ELA sindikatuak du denda kate honetako langileen ordezkaritzan gehiengo osoa, eta salatu du "enpresak aurkeztutako espedientea ez datorrela bat krisi ekonomikoarekin. H&M enpresa oro har errentagarria da, 2019an ia 22.000 milioi euro fakturatu eta 1.270 milioiko irabaziak izan zituelako". Sindikatuak eskatu du langileen lanaldia murrizteko eta enplegua banatzeko, "eta sortzen diren lanpostu berrien kasuan (bezeroarentzako arreta, biltegia, logistika eta banaketa…), ez daitezen azpikontratatu eta deslokalizatu, eta lan-baldintza eskasagoetan aritzea saihesteko neurriak ezarri ditzatela".

Sindikatuak ohartarazi du bai itxierak, kaleratzeak eta doikuntzak H&M enpresa ezartzen ari den on-line salmenta sustatzearekin dagoela lotua "eta beste merkataritza-kate handi batzuetan ere gertatzen ari dela. Horrelako enpresa-estrategiak aldatzen ez badira, ondorio nabariena sektoreko enplegua suntsitzea eta deslokalizazioa izango da".