Unibertsitatean irakatsi digute erizainak behatzailea izan behar duela, eta ikasitakoa praktikan jarri nahian, nonbait, igogailuak lehen solairutik hirugarrenerainoko bidea egin duen bitartean, korridoreari eta egongelari gainbegiratua egin diet. Leiho parean Joxe eta Miren.
Joxe deserosoa dirudien aulki batean eserita, askoz erosoagoa dirudien besaulki batean etzanda dagoen emazteari eskutik helduta. Bikotearengana hurbildu, eta agurtu bezain pronto “nire emaztea da” esan dit irribarretsu Joxek. Irribarre nostalgikoa, tristea, batzuen ustez; izan ere, Mirenek ez du hitz egiten, jada; ez da bere kasa mugitzeko gai; ez du Joxe ezagutzen; ez du mokadurik ahoratzen inork jaten ematen ez badio; eta ez da ohetik jaikitzen inork esnatzen ez badu. Baina Joxek ez du penaz esaten bere emaztea dela, Olentzerok ekarritako oparia ireki berri duen haurraren antzera esaten baitu “polita da, ezta?”. Urteek euren lana marraztu dute Mirenen aurpegian, eta zimurrez josita dago, ez du hortzik, ez azal leunik, ez dago argal, ia ez du ilerik, eta bizkarrean konkorra du; baina polita da, eta Joxek harro begiratzen dio alboan duenari, ez izan zenari, edo “oraindik” geratzen den horri, egun denari, baizik.
Igogailuko ispiluan begiratu dut nire burua: erizain-ikaslearen uniformeak ez dit ondo ematen, zabalegia, zuriegia, aukeran; eta ilea bilduta eramateak ere ez dit mesede handiegirik egiten, ezta batere makillajerik gabe joateak ere. Une batez, ordea, polita iruditu zait ispiluaren beste aldeko hori, baina tamalez, nahi baino motzagoa izan da ilusioa, segituan arrazionaltasun modernoaren ahotsek esan baitidate ispiluko neska horren aurpegi biluziak ez duela bat egiten edertasunaren definizioarekin. Edertasuna ere definitua baitago XXI. mendeko hiztegian, “Egileak: itxurakeria eta konplexua” jartzen duen horretan. Dena zehaztasunez definitu nahi dugu, muga lausoak birpasatu, imajinazioari tokia kendu, aniztasuna mugatu, ikusezina eta ukiezina dena hezurmamitu. Inkoherentzia, lotsa, beldurra eta sentimendu kontrajarriak ez ditugu maite, ez dugu geure burua maite, eta, beharbada, horregatik txukuntzen dugu hainbeste gure itxura, kanpoko konplexuei egozten diegulako barrukoen mina.
Jokaera eta pentsaera plastifikatzen ari garen sentipena izaten dut, batzuetan; maitasuna, zoriontasuna eta arrakastaren modukoei sarrera mugatzen diegu, sentimenduak gure barruko ziegan kateatzen ditugu, sena atxilotzen dugu, irudimena kondenatu. Ez dakit garrantzia benetan duenari ematen ote diogun. Ez dakit ez ote garen bide okerretik ari. Hain modan dagoen ekologismoaren alde egin nahiko nuke nik, eko-jokaeraren alde, eko-edertasunaren alde. Hiztegia hartu eta hitzen definizioak ezabatu nahiko nituzke, norberak bertan idatz dezan, norberak bertan idatzitakoa egunero aldatzeko aukera izan dezan, nahi duenak ezer idatzi ez dezan. Inkoherentzia, lotsa, beldurra, eta sentimendu kontrajarrien alde egin nahiko nuke, gizakiaren izate nahasiaren alde. Izenaren esku utzi dugu izatea, etiketen esku, eta jada ez dakigu zein garen, jarri diguten izenak ez baitio garenari erreferentzia egiten.
Joxeren begiekin begiratu nahiko nuke mundua, hezurren gogortasunak ingurua astiro begiratzeko ematen dion abagunea izan, baina errazegia da arkatza eskuan izanda utopia desafiatzea, eta badakit bihar goizean ispiluak eguneroko irudi berbera erakutsiko didala. Bihar, ordea, begiak itxiko ditut, horrela gehiago ikusiko baitut.