Hizkuntzen irabazia kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.
Euskal Herriko hizkuntza industrien elkartea dem Langunek, Federal Union of European Nationalities (FUEN) erakundearekin batera antolatu du Kursaal Jauregian egingo den bi eguneko kongresua.
‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresuan Europako 30 hizlari baino gehiagok hartuko dute parte. Tartean Euskal Herriko Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako idazkari nagusia, Tomas Iriondo GAIA taldeko zuzendari nagusia, Itziar Cortes Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko koordinatzailea eta Eli Pombo Iametzako zuzendaria, besteak beste. Oro har hamasei hizkuntza gutxituren egoera eta errealitatea jorratuko dituzte.
Hizkuntza-aniztasuna ingurune digitalean eta teknologikoan kudeatzearen beharra nabarmendu dute antolatzaileek. Izan ere, azken urteetako adimen artifizialaren eztandak arlo digitalean "ingelesaren hegemonia" areagotu duela azaldu dute; eta auzi horren aurrean beharrezkoa dela hizkuntza gutxituak arlo digitalean txertatzea.
Hizkuntza gutxituen "biziraupenak eta garapenak" aberastasun kulturala sortzeaz gain, lurraldea ekonomikoki indartzen duela berretsi dute antolatzaileek. Hainbat herrialdetako ekonomiari egiten dioten ekarpena landuko da Kongresuan. Tokiko ekonomiari dagokionean, euskarazko musikaren industriak eta ikus-entzunezkoek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomian dute eragina aztertuko dute, besteak beste.
Hizkuntza gutxituek arlo digital zein ekonomikoan dituzten helburuak lortzera bidean, nazioarteko harremanetan jarri dute fokua. Euskal Herriaren eta Europako beste herrialdeen arteko lankidetzak "aukera berriak" sortu ditzakela azpimarratu dute, eta antzerako egoeran dauden hizkuntzen arteko elkarlana "aberasgarria" izan daitekeela.
Kongresua doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea webgunearen bidez.