argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza
Haritz Arabaolaza 2025eko apirilaren 16a

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan hori dakar; ondorio batzuetara heltzea. Noski hizkuntza menperatzea garrantzitsua dela, baina zein da arrazoia? Nire ustez, gaur egun hizkuntza eta literatura erakustean, gramatika eta hiztegiari ematen zaion garrantziaren zergatiaren azalpena da falta dena, eta nire ikuspuntutik hori bera azaltzen saiatuko naiz. Lehenik eta behin, argi utzi nahiko nuke ez naizela filologia edota literaturan aditua. Beraz, nire iritzia, pertsona arrunt baten gogoeta bat bezala hartzea komeni da. Hala ere, gai jakin bati buruz pentsatu eta hausnartu duen edozein pertsonaren iritziak merezi duen errespetua jasotzea espero nezake.

Hizkuntza, gizakiak sentimendu eta pentsamenduak transmititzeko sortu edo garatutako erreminta dela esan daiteke, edota jasotako gertaeren azalpenak ematekoa. Baieztapen hori egiatzat ematen badugu (eta hori da testu honen gakoa), hurrengo ondoriora eraman gaitzake: gramatika perfektu bat eta sekulako hiztegi bat edukitzeak ez du askorako balio, norbanakoa ez bada barruan duena adierazteko gai. Horrela, gramatika eta hiztegia erakutsi aurretik, bakoitzaren sentimendu edo pentsamenduak azaltzen erakutsi beharko genuke, horiek azaleratzen, alegia. Baita jasotako gertaerak ahalik eta modu objektiboenean kontatzen ere. Hori lortzeko, konturatuko ginateke gramatika eta hiztegia oso baliagarriak liratekeela, eta horregatik direla hain garrantzizkoak.

Gramatika perfektu bat eta sekulako hiztegi bat edukitzeak ez du askorako balio, norbanakoa ez bada barruan duena adierazteko gai

Horretarako, funtsezkoa da gure sentimendu eta pentsamenduak ulertzen jakitea, eta hori, dena bezala, ikasi egin daiteke. Ikasteko, ordea, nonbait ikasi beharko litzateke, eta etxekoek erakutsi ezean, eskola leku egokia da jakintza mota horiek barneratzeko. Aldi berean, entzutea lantzea ere ezinbestekotzat jotzen dut, gutxirako balio baitu beste batek ondo azaldutakoa ulertzeko gai ez bagara. Horretarako, entzute aktiboa bezalako gaitasunak landu beharko genituzke, eta hartara, norbanakoen arteko ulermena sustatu. Hori izan beharko bailitzateke hizkuntzaren funtsa; gure artean ulertzeko erreminta. Ulertu gabe, nekez izango direlako posible gizakion artean enpatia sortzea eta elkarbizitza egoki bat bermatzea.

Zoritxarrez, eskolan alfabetizazio funtzionala soilik lantzen da, eta ez da ohikoa bakoitzaren barrura begiratu, norbera ulertu eta ingurukoekin komunikatzeko gaitasunak lantzea. Automatak bezala hezten gaituzte, berezko izate edo arrazoia ahaztuta, gure pertsona izaera nonbait galtzen den bitartean. Eta ume edo gazteei dagokienez, nire ustetan, argi erakutsi behar zaie kontu guztien zergatia eta logika, hori egin gabe inolako kriterio gabe erakusten ariko baikinateke eta.

Ziur nago gramatika justu eta hiztegi mugatu bat edukita ere, norberaren barrenak ulertzen eta helarazten dakien pertsona batek osoago eta bere buruarekin gusturago sentitzeko aukerak dituela. Baina eskolan eta orokorrean gizartean ez da lehentasuna daukan kontua, ezta sikiera aintzat hartzen dena ere. Oraindik gure gorputzak eta buruak (biak bat direlarik) produktu soil izaten jarraitzen dute, beste batzuen intereserako lanean jarduteko. Gizarte aske bat sortu eta lortu nahi badugu, ezinbestekoa iruditzen zait gai hori lantzea, norbanakoaren askatasunetik hasten dena. Norbanakoaren askatasun intelektual eta fisikoa, ingurukoekin harremana sendotuz eta gure buruaz bezala ingurukoez arduratuz. Horrela hautsiko genuke aske garela sinestarazten digun gizarte honekin, non gure buruan sortzen den askatasun ilusio horrek benetako errealitatea ikusten oztopatzen digun.

Haritz Arabaolaza