argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza politika “sendoak” eskatu dizkie euskalgintzak instituzioei
  • Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko maiatzaren 16a
Maiatzaren 15ean Baionan egindako agerraldia. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

Euskaraldiarentzat urtebete eskas dela, Korrika bukatu berri den plazatik luzatu die instituzioei mezua euskalgintzak: "Aintzat har ezazue herritarren bultzada, eta eman urrats sendoak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde". Euskararen aldeko hizkuntza politika ausart horien beharra handia da, are gehiago ofizialtasunik gabeko Ipar Euskal Herrian zein Nafarroa Garaiko hegoaldeko partean. Hitza hartzerakoan, euskalgintzak oroitarazi nahi izan die euskara "hizkuntza minorizatua" dela eta horrenbestez, "hiztun komunitate minorizatua" garela euskaldunok.

Euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko eskaera "gizarte adostasun zabalak" sostengaturikoa dela erranez abiatu dute agerraldia. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi AEK-ko koordinatzaileak eta Irati Iziar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak irakurri dute adierazpen bateratua, euskalgintzako ordezkari zonbaiten babesean: AEK, Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazioa, Euskal Herriko Ikastolak, Euskal Hedabideak, Elkar, Berria, Elhuyar, Udako Euskal Unibertsitatea, Euskal Herrian Euskaraz, Maizpide Euskaltegia, Hezten Aisialdi Euskaltzalea, Karmel Aldizkaria, Konkolotx, Biga Bai, Mintzalasai, Bai Euskarari eta Eusko Ikaskuntza.

Korrikan islaturiko harrotasuna azpimarraturik, hegemonia hartzeko helburua plazaratu dute: "Euskal hiztun izan ala ez, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea".

Elkarlanerako gogoa berretsiz

Orain arte bezala, euskararen ezagutzaren, erabilpenaren eta sustapenaren alde lanean segitzeko asmo argia dute euskalgintzako eragileek, eta bide horretan hizkuntza politiketan eragiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute: "Xedetzat dugu euskararen erabileran eta sustapenean eragitea, eta garenaz eta egiten dugunaz harro gaudelako, elkarrekin eta elkarlanean jarraituko dugu euskarak lotzen gaituen Euskal Herri harroa eraikitzen".

Elkarlanerako aukera izanen dute, beraz, 2025eko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldia: "Hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea. Euskararen aldeko politikei bultzada sendoena, inoren zain egon gabe, ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da. Euskaraldian, milaka ahobizi eta belarriprestek gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, nork bere inertziak apurtuz, eta konfort eremuetatik mugituz". Nazio mailako ekimen masibo horien garrantzia azpimarratzen bukatu dute prentsaurrekoa.