argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza politika “paradoxikoez”
  • Trumpek espainiera bere gobernuaren webgunetik ezabatu du kolpetik, ikusezinen zakura jaurtiz, hegoamerikarren hizkuntza nagusiaren hedapenari mugak jartzeko xedez.

JJ Agirre 2017ko urtarrilaren 31

Paradoxak zer diren, espainiera ez diren hizkuntzak alboratzen maisu diren Espainiako Err(d)einuko “nonacionalistak” sutan jarri dira, errespetu falta handiak eta erdeinuak salatuz.

Paradoxikotzat jo zuen Espainiako gobernuaren jarrera Eusko Jaurlaritzako Gobernantza sailburu Josu Erkorekak orduan, azpimarratuz gobernu horrek hutsune ikaragarriak erakusten dituela euskararen, katalanaren eta bestelakoen erabilerari dagokionez.

Oso-oso berandu dabil Gobernantza sailburua baina.

Espainiako Gobernuaren euskaldunekiko utzikeria eta erdeinua oso aspaldikoak dira. Euskara guztiz ordezkatzeko hizkuntza politikaren parte dira erdeinuak, debekuak eta indarkeria ere. Erkorekak oso gertutik ezagutzen du Espainiako kongresuan euskaraz jarduteko erabateko debekua adibidez. Bai berak, bai EAJk, bai ezker abertzaleak ere, zirkinik egin barik onartutako debekua bestalde.

Baina espainiarren hizkuntza politika, euskara (eta besteak) albait arinen museoratzeko diseinatu bada, EAEko erakunde nagusien politikak, azken euskaldunoi “zaintza paliatibo” batzuk emateko pentsatua dirudi, euskaldunen komunitatea berrosatzeko baino gehiago.

Adibidez, zazpi lan-poltsa deitu ditu oraintsu Gobernantza eta autogobernu sailak.

Ohi bezala, guztietan da ezinbestekoa espainiera menperatzea. Hain da ezinbestekoa ze, deialdian jaso ere ez baita egiten… ez dagoelako aipatu beharrik.

Euskara meritutzat baino ez da jotzen Jaurlaritzako abokatu, mediku, goi-teknikari edo lan-aholkulari izateko deialdi honetan. Aldiz, ezinbestekoa izango da euskara maila juxtukoa (2.HE) aitortzen duen agiriaren jabe izatea administrari izateko, eta EGA (3.HE) beharko da liburuzain edo Osasun Saileko teknikari izateko. Hortaz, Jaurlaritzako jardunean gako diren lanpostu asko, erdaldunekin beteko dira beste behin ere.

Espainolez lan egingo duten eta euskaraz lan egitea ezinezko bihurtuko duten gazte erdaldunek beteko dituzte abokatu, goi-teknikari, mediku edo lan-aholkulari lanpostu asko Gobernantza sailaren deialdiari esker. Horra EAEko Administrazio nagusian espainiera hutsezko jarduna beste bizpahiru hamarkadatan bermatzeko jokaldia. Horra txantxa gorria.

Paradoxikoa badirudi ere, Gobernantza sailaren ohiko jarduna erdara hutsezkoa baita ia %100, Jaurlaritzako sail gehienetan bezala. Euskarara itzultzen da prozeduren azken emaitza, eta ez beti. Azken uneko itzulpenen bidez ematen zaio “euskaldun” itxura Eusko Jaurlaritzari, EAEko beste herri-administrazio askori bezala.

Jaurlaritzaren ordezkariak (Gobernantza sailekoak) langileen ordezkariokin biltzen dira hilean behin edo birritan. Batetik, euron bozeramaleak ez daki euskaraz. Bestetik, helarazten diguten dokumentazio ugaria erdara hutsez ematen digute beti, ELAkook behin eta beste behin eskatu diegun arren euskaraz ere helarazteko. Horrela, gu ere behartzen gaituzte eztabaida-gaiak erdara hutsez lantzera.

Esan gabe doa, Eusko Jaurlaritzan gertatzen den euskararen erabilera “paradoxikoaz” beste hamaika adibide eman daitezke sailez sail.

Paradoxikoki, “Eusko” Jaurlaritzan lan egiten dugun euskaldunoi egunero adierazten zaigu garbi gure leku bazterrekoa zein den, euskara ez dela beharrezkoa, eta gure eskubideak oso mugatuta daudela bertan, txantxangorri erraldoiak Jaurlaritzako atezain izanagatik.

Herritarrok ordaindutako hedabideak lagun, erraza dago inguruotan euskaltzale itxurak egitea agintean daudenentzat. Hain dira zatarrak eta amorratuak euskaldunon zapaltzaileak! Hain da menpekoa eta desitxuratua herri ekimeneko euskalgintzaren jarduna aspaldion! Hain azalekoa agintari abertzale askoren euskaltzaletasuna!

(Euskara teknikaria eta ELAko kidea da JJ Agirre)