Donostiako Egian, Arrigorriagan, Errenterian eta Agurainen euskarari eusteko egindako egitasmoak azalduko dituzte, eta kaleko ekimenok beste eremu batzuetara moldatzerik dagoen aztertuko dute.
Egia auzokoek abiatu zuten bideari protagonismo handia emango diote aurtengo Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketetan, maiatzaren 11 eta 12an, Lasarte-Orian. Egiatarren esperientzia Aitziber Gurutzeagak kontatuko du; Aguraingo 75 ordu euskaraz-i buruz Asier Lafuente arituko da; Arrigorriagako Baietz 365! egitasmoa Karmelo Ayestak azalduko du; eta Errenterian bukatu berri duten Aste BatZUK, euskararen eroaleak esperientzia Aitzol Perez de San Romanek kontatuko du.
Pello Jauregi EHU irakasleak Lasarte-Orian egindako Baietz 40 egun euskaraz! ikerketa-ekintzaren emaitzak emango ditu lehen aldiz topaketetan.
Topaguneak, AEK-k, Emunek eta Donostiako Piratek era horretako ekimenak beste eremu batzuetara zabal daitezkeen aztertuko dute.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak proposamen berri bat egingo dute: Hizkuntza-ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herriko herri guztietan eta elkarrekin lantzeko proiektua.
Egitarau zehatza lotura honetan daukazue.
Egia Euskaraz ereduari buruz ARGIAn argitaratutako guztia Egia eredua kanalean irakur dezakezu.