argia.eus
INPRIMATU
Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez
  • Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.

Olaia L. Garaialde 2024ko martxoaren 20a
Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria eta GarbiƱe Petriati Behatokiko teknikaria. Argazkia: Behatokia

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurten egindako txostenak ez du nobedaderik ekarri: duela hamar urteko muga eta eskubide urraketa berak salatu dituzte herritarrek. Hizkuntz Eskubideen Egoera 2023 izeneko txostena aurkeztu dute Iruñean. Bertan hizkuntza eta eskubide trabak erregistratu dituzte; guztira, 909 kexa. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira. “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”, esan du Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak.

2022ko datuekin alderatuta, 67 kexa gutxiago jaso dituzte 2023an. Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariaren arabera horrek ez du esan nahi hizkuntza eskubideen urraketak apaldu direnik. Nabarmendu du herritar batzuek ez dutela salaketarik jartzen, eta zuzen euskaraz egiteari uko egin behar izaten diotela kalteen beldur direlako. Behatokiak alor guztietan erregistratu ditu eskubide urraketak.

Urraketak arloz arlo

Osasunari dagokionez, lehen arretan eta administrazio guneetan ez da euskarazko osasun arreta bermatzen, eta are okerragoa da espezialitateetan. Langileei ere eragiten die egoerak, oraindik euskaraz lan egiteko mugak daudelako.

Hezkuntzan, zenbait baliabide oraindik ez daude euskaraz. Lapurdin, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Nafarroan euskara irakasten jarraitzeko oztopo “berdinekin” jarraitzen dute: “Milaka haur eta gazteri euskara ikasteko eskubidea urratzen diete”. Esate baterako, Ipar Euskal Herrian ikasleei esan izan diete azalpen batzuk frantses hutsean jaso beharko dituztela.

Erakunde publikoek kudeatzen dute kultur, aisi eta kirol eskaintzaren parte handi bat. Horregatik, Behatokiak nabarmendu du “ardura handia” dutela erakunde publikoek. Kultura, aisia eta kirola haur eta gazteen eremu ez formalean ematen den sozializazioa euskaraz izatea kohesio elementua izan daitekeela nabarmendu du. Txostenaren arabera, baliabide eta inbertsio falta dago eta zinema edo plataforma handiek euskarazko eskaintza egiteko betebeharrak lantzea falta da.

Erabiltzaileen eta kontsumitzaileen legeek ez dituzte aintzat hartzen hizkuntz eskubideekin loturiko urraketak Nafarroan, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Lapurdin. horrek euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea oztopatzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legeak urraketak kontuan hartzen dituen arren, txostenak dio atzerapausoak izan direla.

Asko dira administrazio publikoari lotuta Behatokiak jaso dituen kexak. Administrazio orokorrean zein herriko etxeetan eta udaletan herritarrek zerbitzua euskaraz jaso nahi duten arren, hizkuntza aldatzeko eskatzen zaie edo bere hizkuntza hautua albo-kalteen bidez baldintzatzen da. Horrez gain, udal gehienek zerbitzu edo lan batzuk azpikontratatzen dituzte. Horietan ez dira behar bezala bermatzen herritarren hizkuntza eskubideak, eta ez dira jarraitzen udal edo herriko etxeen irizpideak.

Poliziari dagokionez, orokorrean ia ez dago euskara protokolorik, eta protokoloa dagoen kasuetan, Ertzaintzaren kasuan adibidez, ez da betetzen. Foruzaingoari dagokienez, herritarrek salatu dute ez dituela euskarazko eskaerak erantzuten. Gaineratu dute euskaraz hitz egiteko eskatzen dietenean, poliziek, eskubide bezala hartu beharrean, oldartze gisa hartzen dutela eskakizuna.