argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza gutxituen sustapenean zein neurri hartuko dituzten galdetu diete Frantziako hautagaiei
  • Gure hizkuntzak bizi daitezen kolektiboak presidentetzarako hautagaiei galdetegi bat igorri die, erantzun zehatzak eskatzeko. Besteak beste, jakin nahi dute presidente izanez gero Konstituzioa berrikusiko luketen hizkuntza gutxituen alde, eta hezkuntzan baliabideak jarriko lituzketen hizkuntza horiek bultzatzeko.

Leire Artola Arin 2022ko otsailaren 01
Murgiltze ereduaren aldeko 2021eko ekaineko manifestazio bat, artxiboko irudian. / Argazkia: Sud Ouest, Youtube.

Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituen alde datorren presidenteak izango duen jarrera jakin nahi du Pour que vivent non langues (Gure hizkuntzak bizi daitezen) kolektiboak. Horretarako, apirilaren 10 eta 24an egingo diren presidentetzarako hauteskundeetako hautagaiei sei puntuko galdetegi bat bidali diete, eta otsailaren 2a baino lehen erantzuteko eskatu, Kazeta.eus-ek argitaratu duenez.

Zuzen galdetzen diete lehen puntuan: “Hautatua izanez gero, Konstituzioa berrikusiko duzu hizkuntza gutxituen alde? Hala balitz, zer aldaketa proposatuko dituzu eta noiz?”. Izan ere, 2021eko apirilean hizkuntza gutxituen Molac Legea onartu zuen Frantziako Parlamentuak, harik eta Konstituzioaren aurkakotzat jo eta artikulu garrantzitsu batzuk bertan behera utzi zituzten arte. Bada, kolektiboak jakin nahi du presidentegaiek zein neurri hartuko lituzketen hori aldatzeko.

Halaber, hezkuntzan fokua jarri dute, eta hizkuntzen sustapena bultzatzeko ezarriko lituzketen baliabideei buruz galdegin diete. Azpimarratu dute hizkuntza bizirik mantentzeko eremu guztietara zabaldu behar dela: “Gure hizkuntzak ondare aberatsa dira, guztiaren gainetik hizkuntza biziak, erabiliak eta komunikazio hizkuntzak. Beren lekua behar dute espazio publikoan, hezkuntzan eta hedabideetan”.

Hizkuntza gutxituak, batera

Hizkuntza gutxituen 30 elkarte batzen ditu Gure hizkuntzak bizi daitezen taldeak, haien artean Euskal Herriko Euskal Konfederazioa, Biga Bai, Seaska eta Euskara Geroan; baita ere katalanak, bretoiak, korsikarrak eta okzitaniarrak, besteak beste. 2019an batu ziren, ikusi zutelako hizkuntza gutxituak galtzeko arriskuan zeudela, besteren artean “baztertuta” zeudelako frantsesaren inposizioaren azpian, eta hezkuntzako erreforman transmisioa ez zelako ahalbidetzen. Ordutik hainbat ekimen egin dituzte.

Hautagaien erantzunak apirilean egingo dira publiko, Euskal Konfederazioak jakinarazi duenez.