argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza gutxituen legeari jarritako helegiteak ikastetxeak diruz laguntzea jartzen du auzitan
  • Frantziako hizkuntza gutxituei buruzko legea onartu eta gutxira helegitea jarri zuten 61 diputatuk, Konstituzio Kontseiluan. Helegitea publiko egin da eta ikusi da ikastetxeak diruz laguntzeari buruzko artikuluari baino ez diola eragiten.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 04a
Argazkia: Euskal Konfederazioa

Mediapart egunkari digitalak egin du publiko helegitea, Berrian jaso dutenez, eta artikulu bakarra jartzen da zalantzan. Adibidez, murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea mantenduko litzateke, Ipar Euskal Herriaren ikuspuntutik neurri garrantzitsua.

Bestalde, helegitea aurkezteko moduagatik hainbat diputatu haserretu direla dio Mediapartek, iruzurra egin dietela salatu dute eta helegitetik haien sinadura kentzeko eskatu diote Konstituzio Kontseiluari. Hala eginez gero, helegitea aurrera eramateko prozedura bertan behera geratuko litzatekeela gogoratu du Berriak.

Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari Buruzko Legea Paul Molac diputatu bretoiaren lege proposamenetik jaio zen. Legearen harira elkarrizketatu genuen ARGIAn: "Parisko teknokraziaren parean, demokraziaren eta lurraldeen garaipena da lege hau".