Hizkuntza Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea promulgatzeko epea ostiralean bukatuko litzateke, baina haren kontrako helegitea jarri dute azken orduan. 60 diputatuk baino gehiagok jarri dute helegitea eta Konstituzio Kontseiluak bi hilabeteko epea du erabakia hartzeko.
Berriak adierazi duenez, Paul Molac diputatu bretoia “harrituta” agertu da: “Ez nuen espero, diputatu gehienek legearen alde bozkatu baitzuten”. Helegitearen alde bozkatu duten diputatuen lurraldeetan hizkuntza gutxiturik ez dagoela eta ez dietela besteei eskubiderik eman nahi salatu du Molacek. Legea konstituzionala dela azpimarratu du eta konfiantza adierazi du: “Ez dut bereziki arriskurik ikusten, beharbada artikulu batzuk moldatuko dituzte, ikusiko”.
Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak ere ez zuen espero helegiterik: “Senatuan irabazi genuen, asanblean ere; 15 eskualdetako presidenteak alde agertu ziren, eta elkarteak ere inoiz baino indartsuago gara. Borrokatu behar bada, prest izanen gara”. Hala ere, dena posible dela azpimarratu du.
Hizkuntza gutxituen aldeko legea onartu zuen Frantziako Legebiltzarrak apirilaren 8an. Lege honek ekarriko zituen aldaketen berri eman zuen ARGIAn Jenofa Berhokoirigoinek: Gaur egun, hizkuntza gutxituen irakaskuntzari dagokionez, bi aukera baizik ez ditu aurreikusten Frantziako Hezkuntza Kodeak: sail elebiduna edo hizkuntza eta kultura gutxituaren irakaskuntza ikasgai modura ematea. Legeak hirugarren aukera bat jarriko du ofizialki, murgiltze ereduaren bidez beti ere "frantses hizkuntzaren ezagutza on baten helburuari kalte egin gabe". Aukera horrekin, ikastetxe publikoak ere murgiltze eredua proposatzen has litezke orain.
Hizkuntza gutxituen aldeko eragileen ustetan legearen onarpena historikoa da. Euskal Konfederazioak azpimarratu zuen 1951n bozkatu zen Deixonne legetik ez zela izan hizkuntza gutxituen aldeko halako legerik.