argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza Gutxituen Legea atzera bota du Frantziako Konstituzio Kontseiluak
  • Apirilaren hasieran onartu zuen legea –Molac legea gisa ere ezagutzen da– Frantziako Legebiltzarrak, baina 60 bat diputatuk Konstituzio Kontseilura eraman zuten, eta orain honek erabaki du hainbat artikulu Konstituzioaren aurkakoak direla.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko maiatzaren 21a
Frantziako Asanblea Nazionala. (Arg.: Wikipedia)

4. eta 9. artikuluak bota ditu atzera. 4. artikulua hezkuntzako murgiltze ereduei buruzkoa da eta 9.ak estatu zibileko dokumentuetan zeinu diakronikoen erabilera arautzen du, esate baterako “n” hizkia. Kontseiluaren arabera, legearen artikulu hauek Konstituzioaren 2. artikuluaren aurkakoak dira. Horrek finkatzen du frantsesa dela Frantziako Errepublikako hizkuntza, eta administrazioaren lana eta zerbitzu publikoa hizkuntza horretan eman behar direla; eta esparru horietan, herritarrak ezin direla babestu beste hizkuntza batean aritzeko eskubidean.

Bere argudioetan, Kontseilu Konstituzionalak dio Molac legea-ren helburua ez dela bakarrik eskualdeko hizkuntza bat irakastea, hizkuntza hori irakaskuntza-hizkuntza gisa erabiltzea baizik, aldi berean, komunikazio-hizkuntza ere bilakatuz. Lege hau, besteak beste, bazetorren indarra ematera murgiltze ereduari hezkuntza publikoan. Baina Kontseilua, egin zaion eskaritik harago joan eta ebatzi du ezin dela murgiltze eredurik izan ez hezkuntza publikoan, ezta pribatuan ere.

Apirilaren 8an onartu zen Legea, legebiltzarraren gehiengo handiz, baina Frantziako Gobernuaren aurkako jarrerarekin. Orain Kontseilu Konstituzionalak ere aurka egin du eta kezka handia ekarri du etorkizunari begira, adibidez ikastoletan, diwanetan (Bretainia) eta calandretetan (Okzitania) jadanik murgiltze eredua eskaintzen delako.