Frantziako presidente François Hollandek Hizkuntza Gutxituen Europako Karta berresteko konpromisoa hartu du. Gutun bidez eman dio erantzuna Hizkuntza Aniztasunaren Europako Sareak egindako eskaerari.
Uneotan sarearen zuzendari den Patxi Baztarrikari bidali dio eskutitza Hollandek, hark lehenagotik egindako eskaerari erantzunez: “Ez izan zalantzarik Frantziako estatuburuak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren alde duen konpromisoaz, gutun horrek bermatzen baitu Europako ondare linguistiko eta historikoaren babesa, gure kontinenteko tradizio eta kulturaren aberastasuna mantentzen eta garatzen lagunduz”.
Hizkuntza gutxituen aldeko sareak “oso positibotzat” jo du Frantziatik jasotako erantzuna, eta uztailaren 30an aurkeztuko diote Estatuko Kontseiluari honen inguruko lege proiektua.
Lurralde hizkuntzak defendatzen dituzten herri mugimenduek, ordea, kezkaz eta zalantzaz hartu dituzte Hollanderen azken hitzak. Lehenagotik ere halako promesak egin dituzten arren, ez dira inoiz betetzera iritsi, haien hitzetan.
1992an jada onartu zuten karta hori 1999an izenpetu zuen frantses gobernu sozialistak. Berrespena egiteko momentuan, berriz, blokeatua izan zen, Konstituzioaren 2. artikuluan oinarrituz: Errepublikako hizkuntza frantsesa dela, alegia, eta Errepublikaren batasuna zalantzan jarriko zela.
2007an sortu zen Hizkuntza Aniztasunaren Europako Sarea, eta geroztik agintari politikoei aholku ematen dabil, hizkuntza gutxituen eta eskualdeetako eta estatu txikietako hiztunen interesak babesteko helburuarekin. Sarean parte hartzen dute estatuek, autonomia erkidego eta eskualdeetako gobernuek, Gobernuz Kanpoko Erakundeek nahiz hizkuntza alorrean lan egiten duten erakundeek.