argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza gutxituen aldeko testuak ez du babesik jaso Espainiako Kongresuan
  • EAJ, EH Bildu, BNG, Compromis, CUP, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek aurkeztu zuten proposamena abenduan. Asteartean, EH Bilduren ekimenez, heldu zen Espainiako Kongresura hizkuntza gutxituen inguruko legez besteko proposamena, baina PSOE, PP, Vox, Ciudadanos eta UPN aurka azaldu eta atzera bota dute..

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 10a
Argazkia:Kontseilua

Berezko hizkuntza gutxituen alde egiteko legez besteko proposamena baztertu egingo du Espainiako Kongresuak. Espainiako Kongresuak EH Bilduren legez besteko proposamen bat eztabaidatu eta bozkatu du astearte honetan, "errealitate eleanitza onartzearen, gaztelaniaren inposaketa eta hizkuntza-diskriminazio guztiak" amaitze alde.

Asteartean eztabaidatutako testuak gaztelania ez diren berezko hizkuntzek gaztelaniari aitortzen zaizkion eskubide eta betebehar berberak izateko balizko ekintza guztiak eskatzen ditu, baita “hizkuntzen ezagutza orokorra beren lurraldeetan zabaltzeko neurri egokiak bultzatzea ere”. 

Lehengo urteko otsailean, hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia bermatzeko neurriak hartzea proposatu zuten hizkuntza gutxituen aldeko zenbait eragilek: Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalizacion Linguistica, Accio Cultural del Pais Valenciá, Ciemen, Omnium, Plataforma per la Llengua eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Abenduan eman zuten hurrengo pausua, hamar alderdik oinarri horiek biltzen zituen legez besteko proposamena erregistratu zuten Espainiako Kongresuan: BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más Madrid, PDCAT eta Unidas-Podemosek.

Proposamenaren aldeko jarrerak

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak proposamena defendatu du, eta nabarmendu du ekimena Espainiako Estatuko hizkuntzen aldeko hamar erakundek sortua zela. Aizpuruak gogorarazi duenez, Espainiako Estatuko biztanleen %45 "gaztelania ez den hizkuntza batean bizi da", eta koofizialtasunak esan nahi du "bestea bezain ofiziala dela hizkuntza". EAJk Koldo Mitxelenaren hitz batzuk gogorarazi ditu saioan: "Euskara ahulegia da armatzat hartzeko".

Kataluniako eta Valentziako alderdiek ere hizkuntza gutxituak defendatzeko eta herritarren diskriminazioa agerian uzteko baliatu dute saioa. CUP, Compromis, PDeCAT, ERC eta BNG alderdiak eskatu dute hizkuntza eskubideak behar bezala babestea. BNG alderdiko Néstor Regok hurrengo esaldiarekin bukatu du bere interbentzioa: "Espainiako Estatua prest al dago espainieraz besteko hizkuntzak hitz egiten dituzten biztanleen %45aren eskubideak errespetatzeko?".

Proposamenaren aurkako jarrerak

Espainiako eskuinak oso jarrera ezkorra erakutsi du proposamenaren aurrean. Lehen mintzaldia PPrena izan da, Ana Belén Vázquez diputatuaren bidez. Vázquezek proposamena hizkuntza-kolonialismo zaharkitutzat jo du, "nazionalistek hizkuntzak arma politiko gisa erabiltzen dituztela" adierazi du. Ciudadanosek proposamena "xenofoboa" dela esan du eta EH Bilduren helburu bakarra Espainiaren zatiketa dela gaineratu du Voxek.