Espainiako Estatuan hitz egiten diren hizkuntza gutxituen aldeko eragileek adierazpen bateratua aurkeztu dute asteazken honetan: “Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia” izenburupean, asturiera, aragoiera, galiziera, katalana eta euskara hitz egiten duten pertsonen eskubideak aldarrikatu dituzte.
Espainiako Estatuko herritarren %45 berezko hizkuntza duten lurraldeetan bizi dela nabarmendu dute agirian: “Milioika herritarrok normaltasunez bizi nahi dugu, askatasunez, edozein herritarrek gaztelaniaz bizitzeko dituen baldintza berdinetan. Eta, gaur egun hori ezinezkoa da”, nabarmendu dute dokumentua sinatu duten eragileek (Acció Cultural del País Valenciá, Iniciativa pol Asturianu, Plataforma per la llengua, Òmnium Cultural, A mesa pola Normalización Lingüística, Nogara, Kontseilua eta Ciemen).
Xede hori lortzeko, agiriak ezinbestekotzat jotzen du Espainiako Estatuak berretsi dituen akordioak eta itunak betetzea, besteak beste Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna; baita Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa ere.
Baina eragileek argitaratu duten adierazpen bateratu honen xede nagusia politika aktiboak bultzatzea da eta alderdi politikoei zuzendu diete euren mezua, hizkuntza-berdintasunerako printzipioak bere egin ditzaten, “bidezko gizarte plurala eta demokratikoa” bermatzeko.
Sei puntu bete beharko lituzkete horretarako adierazpenaren arabera: gaztelania ez diren berezko hizkuntzek gaztelaniari aitortzen zaizkion eskubide eta betebehar berdinak ematea; hizkuntza gutxituen ezagutza orokortzeko neurriak hartzea; Estatuak eta bere menpeko erakundeek Belgika, Suitza edo Kanadako ereduari jarraituz bere izaera eleaniztuna onartzea; oraindik ofizialak ez diren berezko hizkuntzak ofizial bihurtzeko erreformak bultzatzea; administrazio publikoko lanpostuetan berezko hizkuntzen eta gaztelaniaren arteko parekotasuna, baita nazioartean ere; eta banaketa administratiboak ez erabiltzea hizkuntza eskubideak mugatzeko.
“Eskubideetan eta betebeharretan oinarritutako benetako errespetua aldarrikatzen dugu, bai eta Estatuko botere guztien jardun konprometitua ere. Horrekin elkarbizitzak irabaziko du, gure gizarteak irabaziko du, pertsonak irabaziko du, demokraziak irabaziko du eta berdintasunak irabaziko du”, esaldiekin amaitu dute adierazpena.