argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza gutxiagotuen eskubideak defendatzea eskatu dute Espainiako Estatuko hainbat elkartek
  • Espainiako politikan ezkerrean kokatzen diren alderdiei zuzendutako txostena sortu dutela adierazi dute Madrilen egindako agerraldian, "eskubidea murriztu edo ezinezko bihurtuko dituzten neurriak abian jarriko dituztela mehatxatzen dutenen aurrean" erantzun dezaten, tartean Kontseiluak.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 29a
Hizkuntza gutxituen aldeko elkarteen agerraldia Madrilen. Irudia: Kontseilua

Espainiako Estatuan gaztelania ez beste hizkuntza guztien aldeko eskubideak errespetatzea eskatu dute hizkuntza gutxiagotuen alde lan egiten duten hainbat elkartek. Madrilen egindako prentsaurrekoan Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua ere egon da, eta bertako idazkari Paul Bilbaok hizkuntzen garapenean “inboluzioa” dagoela ohartarazi du. Òmnium, Acció Cultural del País Valenciá, Iniciativa Pol asturianu, Plataforma per la Llengua, A Mesa, Nogara eta Ciemen eragileak izan dira Kontseiluarekin batera agerraldian.

Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia deituriko txostena aurkeztu dute, gaztelaniaren pareko eskubideak eskatzeko eta Espainiako Estatuak sinatuta duen akordio bat betetzea gogorarazteko.

Tokiko hizkuntzen eskubideak zaintzeko ardura hartu zuen Estatuak hitzarmen horiek onartuta, baina hizkuntzen aldeko elkarteek salatu dute araudia hori ez duela bete Espainiako Gobernuak, eta erreakzioa eskatu dute. “Alderdi politikoek ezin dute ikuslearen planta egin geure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea murriztu edo ezinezko bihurtuko dituzten neurriak abian jarriko dituztela mehatxatzen dutenen aurrean”.

Agerraldia Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin baino egun batzuk lehenago egin dute. Horren harira ere mintzatu dira elkarteak: “Azaroaren 10eko hauteskundeen ondoren eratuko diren Kongresua eta Gobernua erabakigarriak izango dira”.

Hizkuntza gutxiagotuen aldeko elkarteen txostena, hemen.