argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa abian da
  • Europako hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak bermatzeko sortu da Donostiako Protokoloa. Kursaal Jauregian egin dute honen aurkezpena. Kontseiluak eta Donostia Fundazioak sustatutako proiektuak 185 neurri ditu bere baitan.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 19a
Donostiako Protokoloaren aurkezpena. (Arg.: dss2016.eu)

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hizkuntza eskubideak bermatzeko beharraren aurrean gizarte eragileek tresna eraginkorrak sortzeko gai direla azaldu du. “Parte hartzea izan da protokolo honen arrakastaren giltzarria, txikiak izan arren, guztiak batuta, bagarela nor erakutsi dugu”, azaldu du. Bilbaoren ustez garrantzitsuena Europan hizkuntza eskubideak bermatzeko tresna eraginkor bat dagoela da, orain Donostian ere abian jarri dutena.

Aurkezpen ekitaldian musika eta hitzartzeak tartekatu ziren. Aureli Argemí eta Maria do Pilar Garciak duela 20 urteko Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren prozesua gogoratu zuten, orain Donostian aurkezturiko protokoloaren aurrekari dela azpimarratuz.

Bi urteko lanaren ondorioz sortu da protokoloa. Donostia 2016ko kultur programaren zuzendari izan den Xabi Payak Europako Kultur Hiriburuen historian Donostiakoa “ondo” gogoratuko dela azaldu du, Europako identitateari hizkuntza aniztasunaren kudeaketa jasangarrian egindako ekarpenari esker. Protokoloa egiteko eragileek izaniko konpromisoa “eskertu” eta neurriak betetzeko konpromisoa ere “eskatu” du hitzaldian. Edwin Bensonen heriotza, mandan hizkuntzaren azken hiztunarena, izan du hizpide konpromisoaren beharra azpimarratzeko.

Europako sei erakundetako kideek osatutako Talde Antolatzaileak gidatu du protokoloaren sorrera eta bertako ordezkariek oroigarri bana jaso dituzte. Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta Jakin Fundazioko lehendakariak euskararen alde auzolanek, elkarlanek eta kolektiboek egin duten lana azpimarratu nahi izan du bere hitzartzean. “Ezina ekinez egina” esamoldearekin laburtu du proiektua.

Ekitaldi amaieran, Euskal Herriko eta Europako hamarnaka eragiletako ordezkariak oholtza gainera igo dira protokoloa eskuan argazkia ateratzeko. Mikel Laboaren “Txoria Txori” abestia kantatuz bukatu da.