argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza ereduak blindatu ala eraldatu nahi dituzten argitzeko eskatu die EH Bilduk EAJ eta PSEri
  • Egungo hizkuntza ereduak EAEko Hezkuntza Legean jasota gera daitezen EAJ eta PSEk azken unean adostutako emendakinaren harira, "gidoi aldaketa" kritikatu du EH Bilduk. Hala ere, PSEk eta EAJk emendakinaren inguruko bertsio kontrajarriak eman dituztela eta interpretazio bat eta bakarra emateko eskatu du. Hortik aurrera, hizkuntzen aferan "eztabaida modu eraikitzailean elikatzen saiatuko gara, eta ez mahai gainean jarri duten eztabaida artifizial horren inguruan".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko urriaren 04a
"Errealitateak aspaldi gainditu ditu hizkuntza ereduak". Argazkia: EH Bildu

"Errealitateak aspaldi gainditu ditu hizkuntza ereduak"

Gidoi aldaketa salatu du Pello Otxandiano EH Bilduren programa arduradunak: "Bi urte eta erdian testu asko erabili dira, eta inon ez da hizkuntza ereduen aipamenik egon, hain justu gaur egun hezkuntzak bizi duen egoerak ez dituelako eskatzen eta etorkizunera begira ereduak gainditu egin behar direla uste dugulako. Baina atzo, azken minutuan, EAJ eta PSEk hizkuntza ereduen aipamena sartu dute eta hizkuntza ereduen eztabaida ekarri dute erdigunera, hori ez zenean orain arteko eztabaiden erdigunea". Garbi adierazi du Otxandianok: hizkuntza ereduek ez dute balio gaur egun ikasgeletan dagoen aniztasuna kudeatzeko, eta gainera "errealitateak aspaldi gainditu ditu hizkuntza ereduak". Pakistandik etorri berria den ikaslea, Venezuelatik etorri berria, etxetik euskara dakarrena… barnebiltzen dituen ikasgela jarri du adibide: ikasgela horretan, ziurrenik, hizkuntza eredu denak aplikatuko dira, nahasita.

"Daukagun esperientzia da hizkuntza ereduek ez dutela bermatzen hizkuntza ofizialen jabe izatea, derrigorrezko hezkuntza bukatzean. Legeak dauzkan helburuak [B2 maila lortzea derrigorrezko hezkuntza bukaeran] ez dute bermatzen ereduek, ez A ereduak, ez B ereduak, ez D ereduak".

PSEren hordagoak irauli du mahaia

"Argi dago zer gertatu den: PSEk marra gorri bat jarri du, hordagoa bota du, publikoki, hizkuntza ereduak bermatu, inkorporatu eta blindatu behar direla esan du, beretzat politikoki garrantzitsua delako, ez hezkuntza argudioak erabiliz, eta EAJk markoa erosi dio", kritikatu du Otxandianok.

Hala ere, PSEk eta EAJk emendakina ezberdin irakurri dutela nabarmendu du: "PSEko ordezkariak esan du emendakinak hiru hizkuntza ereduak inkorporatzen dituela lege proiektura, bermatuta eta blindatuta geratzen direla egungo ereduak (eta beraz, A ereduan ikasi nahi duen familiak aukera izango duela orain eta etorkizunean). Aldiz, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak adierazi du hizkuntza ereduak eguneratu egin behar direla, ez dituztelako betetzen hezkuntza akordioan dauden helburuak, eta beste zerbait eraiki behar dela, ereduak aldatu, eguneratu, transformatu".

Bertsio kontraesankorrak ematea serioa ez dela eta eskaera egin die bi alderdiei: "Gai izan daitezela elkarrekin prentsaurrekoa eman eta emendakin honen interpretazio bat eta bakarra emateko, zertara datorren eta zein helburu dituen emendakin honek. Gutxienekoa da".

Hortik aurrera, "eztabaida modu eraikitzailean elikatzen saiatuko gara". Hiru baieztapen jarri ditu eztabaidarako abiapuntu, EAJ eta PSEk baieztapenekin bat egiten duten galdetuz: "Hizkuntza ereduak ez dira baliagarriak egun ikastetxeetan daukagun aniztasun soziolinguistikoa kudeatzeko; hizkuntza ereduek (A, B, D) ez dute bermatzen ikasleak bi hizkuntza ofizialen jabe izatea (B2 maila eskuratzea); laugarren tituluak gainditu egiten du hizkuntza ereduen sistema". Alegia, legearen laugarren tituluak ikastetxeei eskatzen die hizkuntza proiektua egiteko, nola lotzen da hori A, B, D ereduak mantentzearekin?

Eztabaidarako erreferentzia politiko bat (Katalunian hizkuntzaren inguruan iaz erdietsi zuten akordioa, PSCk tartean) eta "bost galdera gako" aipatu ditu Otxandianok: "Zein da laugarren tituluan erreferentziatzat hartzen dugun marko teorikoa? Zein da marko estrategikoa? Zeintzuk dira orain arte izan ez ditugun instrumentuak hizkuntza proiektuak garatzeko? Ze baliabide berri behar ditugu hizkuntza proiektuak garatzeko? Ze garabide ikusten diogu lege honi hurrengo hamar urtetan, hizkuntzen arloan?".

EAEko Hezkuntza Legeaz informazio xehea aurkituko duzu, ARGIAn legeari eskainitako kanalean.