argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza aniztasuna bermatzeko protokoloa landuko du Kontseiluak Donostia 2016n
  • Hizkuntzen arteko berdintasuna nazioartean bermatzeko protokolo bat ezarri nahi du Kontseiluak eta Donostia 2016k sustatuko duten Europako Hizkuntza Aniztasunaren Goi Bilerak.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko martxoaren 30
Martxoaren 18an bildu zen Donostia 2016ren patronatua Kontseiluak antolatuko duen goi bileraren edukia ezagutzeko (argazkia: Dani Blanco).

Asteartean aurkeztuko dute datorren urteko abenduan egingo den goi bilera eta Donostiara etorriko dira talde antolatzailean parte hartuko duten nazioarteko eragileetako kideak.

Proiektuak helburu gisa hartu du hizkuntza aniztasuna bermatzea, elkarbizitzarako funtsezko oinarri gisa –hain zuzen elkarbizitza da Kultur Hiriburuaren proiektuak hasieratik sustatu nahi izan duen balore nagusietako bat–. Helburu hori lortzeko bidean, desabantailan dauden hizkuntzen garapenerako tresna eraginkorra izan nahi du goi bileran onartuko den protokoloak.

Antolatzaileek garrantzi handia eman diote Euskal Herrian azken hamarkadetan euskara garatzeko egiten ari den ahalegin kolektiboari eta goi bilera berezko errealitate horretatik abiatuko dela aurreratu dute.

Gizarteak jarriko duen mugarria

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik abiatzen da egitasmoa: hizkuntza gizakiaren oinarrizko eskubide gisa aitortzen duen neurrian, hizkuntza aniztasuna pertsonen eskubide guztien defentsarako ekarpen gisa ulertu behar litzateke antolatzaileen ustez.

Hori dela-eta, 2016ko goi bilerak mugarria ezarri nahi du, erakundeei hizkuntza aniztasunaren garapenerako neurri zehatzak proposatuz. Gizarteak hartuko du protagonismoa egitasmoan, erakunde publikoetatik harago dagoen gune batean sortuko baita hizkuntza aniztasuna sustatzeko tresna.

Bartzelonako Deklarazio Unibertsalaren garapena

Datorren urtean 20 urte beteko dira Bartzelonan Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aurkeztu zenetik. Gizarte zibilaren ahalduntzearen ondorio historikoa izan zen adierazpen hura: herritarren ekimenari esker hizkuntza eskubideen garrantzia mahai gainean jartzea lortu zuten.

Adierazpen hark jasotako printzipioak hartu eta garatuko dituzte 2016an Donostian, eguneroko praktikarako tresna bihurtuz. Kultur Hiriburuaren nazioarteko oihartzuna baliatu nahi dute egitasmoa ikusgarri egiteko. Goi bileraren ondoren Donostiako Protokoloa mota guztietako erakundeek hizkuntzekin hartzen duten konpromisoaren erregulatzaile izango da.

Proiektuaren garapena

2016ko goi bilera abiapuntutzat jo dute Kultur Hiriburuko bulegoak eta Kontseiluak. Datorren urtea amaitzen denean, Donostiako Protokoloak jarraipen batzordea izango du dokumentua nazioartean berretsia izan dadin, baita hizkuntzekiko praktiken gainean funtzio arautzailea bete dezaketen guneetara hel dadin ere.

Informazio gehiago:

Zein da zein Donostia 2016ko hizkuntza aniztasunaren goi bileran? Ezagutu talde antolatzaileko sei nazioarteko erakundeak.