argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza aldatzeak nortasuna aldatzen du ikerketa baten arabera
  • Hau irakurtzen ari bazara, ia segurua da hizkuntza bat baino gehiago dakizula. Hala bada, ez duzu Jekyll doktorearen edabe misteriotsurik beharko zeure nortasuna aldatzeko; aski duzu hizkuntza batetik bestera ibiltzea. Hori da behinik behin AEBetan egin berri den ikerketa batek dioena. Hala ere, hizkuntza bi edo gehiago jakitea ez da nahikoa. Hizkuntza horiei lotutako kultura desberdinetan murgilduta egon behar duzu, bai batean zein bestean. Elebiduna ez ezik, kulturbiduna izan behar da nortasuna aldatu ahal izateko.

ARGIA @argia 2008ko ekainaren 26a

Ikerketa Baruch College-ko David Lunak eta Wisconsin-Milwaukee Unibertsitateko Torsten Ringberg eta Laura A. Peracchiok egin dute. Ikusi dutenez, hizkuntza eta kultura bat baino gehiago dutenek nortasuna alda dezakete oharkabean, darabilten hizkuntzaren arabera. Behintzat hala gertatzen zaie emakumeei:  ikertutako subjektu guztiak andrazkoak izan dira.  Eta denak hispaniar jatorrikoak eta ingeles eta gaztelania hiztunak. Anglosaxoi eta hispaniar kulturenganako identifikazio maila desberdinak dituzte, ordea.

Azterketak agerian utzi du kultura bietan murgilduta dauden emakumeek aldaketa nabarmenak nozitzen zituztela autopertzepzioan. Alegia, askoz arinago eta errazago aldatzen dutela erreferentzia markoa hizkuntza batetik bestera igarotzean, besteek baino. Parte hartzaile kulturbidunek modu desberdinean definitu dute beren burua hizkuntza batean edo bestean, eta ikertzaileek ere aldaketak sumatu dituzte. Esaterako, gaztelaniaz jardutean irekiago eta seguruago agertu dira.

Probetako batean, ikertutako emakumeek telebistako iragarki bat ikusi behar zuten hizkuntza batean, eta handik sei hilabetera bestean. Iragarkiak eragin zizkien sentimenduak desberdinak suertatu ziren aldi bakoitzean. Parte hartzaileetako batentzat, esaterako, iragarkiko protagonista nagusia independentea eta ausarta zen gaztelaniazko bertsioan, eta bakartia eta etsipenez betea ingelesezkoan.

Beste argudio bat gaztelaniaren nagusigoaren defendatzaile sutsu horientzat.