Duela urte batzuk Tene Mujikari buruzko liburu txiki bat idatzi nuen; Udazkeneko argitan du izena. Saiakera biografiko hura egiten hasi nintzela, gure gaurko protagonistarekin, Watson Kirkconnell jaunarekin egin nuen topo. 1928an European Elegies antologia-liburu polita argitaratu zuen Kirkconnellek, eta hautaturiko elegien artean Tene Mujikaren poema bat zekarren, ingelesera itzulita. Seguru asko, Mujika emakumea delako, ez da asko aipatzen Tene Mujikaren poema izan zela (eta dela) euskal literaturan halako kontsideraziorik jaso duen bakarrenetakoa.
Kirkconnellen azal urdin eta zaharreko liburua magalean, Waston Kirkconnell zein zen, liburu hori zergatik eta nola egin zuen eta Tene Mujikaren olerkia bertara nola iritsi zen azalduko dizuet.
Waston Kirkconnell zein zen, liburu hori zergatik eta nola egin zuen eta Tene Mujikaren olerkia bertara nola iritsi zen azalduko dizuet
Watson Kirkconnell Kanadan jaio zen eta han intelektual ezaguna, garrantzitsua eta polemikoa bihurtu zen. Gaur egun desagertua den dialekto gaeliko bat mintzatzen zen sendi eskoziar bateko semea zen, eta familiaren jatorrizko herrialdeko tradizioekiko lotura sentimental handia mantentzen zuen. Era berean, europar emigranteen ondorengoen artean aski hedatua dagoen beste tradizio tristeago baten jarraitzaile ere bazen: arrazista zen.
Gaztetan, protestante anglosaxoi zurien arraza gorenaren alde mintzatu zen, eta horri buruz teorizatu. Poesia eta hizkuntza zalea ere bazen, ordea, eta alor horietako ikasketek zenbait kontraesan sortzen zituzten bere pentsamenduan, zeren hizkuntzak maite badituzu, bata bestea baino hizkuntza hobeagorik ez dagoela onartzeko prest egongo zara, eta, beraz, baita ere konturatzeko hizkuntza horiek mintzo dituzten pertsonen artean berdina dela mirariak sentitu eta sortzeko ahalmena. Bide honetan, zailago gertatzen da arrazista kulturala izaten jarraitzea.
1925an hil zitzaion emaztea, eta ikuspuntua pixka bat aldatu zitzaion. Bere omenez European elegies egin zuen. Liburua harrigarriki polita da. Europako 40 hizkuntza ezberdinetako elegia-olerkien ingelesezko bilduma da, urtaroka sailkatuta: udaberriko elegiak, udakoak, udazkenekoak, negukoak. Eta han agertzen dira, udazkenean, gure Tene Mujika poetaren hitzak. Hor duzu ingelesez emandako hasiera ederra:
Gone is the grace of summer. Gone at last,
its laughter lies behind me.
Gone is the summer: that its grace is past
mountain and vale remind me.
Badakigu, liburuan kontatzen duelako, poema argitaratzeko eta itzultzeko Teneren baimenarekin kontatu zuela. Era berean, pentsatzen dut Watson Kirkconnellek Mujikaren berri Zirilo de Arzubiaga euskaltzalearen bidez izango zuela, berea baita liburuko eskertzean aipatzen duen euskal izena; badakigu Zirilo Arzubiaga 1936an Ingalaterrara erbesteratu zela, eta nik ondorioztatu dut, beharbada, Arzubiagak lehenagotik Ingalaterrarekin eta ingelesarekin loturaren bat izango zuela, eta hortik, Kirkconnellekiko ezagutza.
Kontua da, gure protagonistari, Kirkconnell jaunari, liburu hori egiteak bere ikusmira pixka bat ireki ziola, eta Kanadako gizarte multikulturalean hasi zela pentsatzen. Kanadako hizkuntza-aberastasuna aldarrikatu zuen, eta irudi baten gainean teorizatu zuen, hau da, berarentzat Kanadako gizarteak kultura ugariz ehundutako tapiza izan behar zuen, multikulturala.
Kirkconnellen ikusmira ireki egin zela esan dugu. Baina “pixka bat” ireki zela ere bai. Izan ere, bere arrazoibidea anglosaxoiak ez ziren beste kultur europarren berdintasuna aintzatespenera iritsi zen arren, ezin izan zion maila berean begiratu bera bizi zen lurraldeko jatorrizko herrien kulturei. Nire ustez, nekez aitortuko dio halakorik herri kolonialista baten partaideak bere buruari, zeren eta horrek ondorio politiko zuzenak izango baititu; esaterako, besteak zeure pareko baldin badira, ez gutxiago, nolatan eman besteren lurrak konkistatu eta menperatzeko eskubidea zeure buruari? Hau da, zer ari zara zurea ez den lurraldean? Edota, nola antolatu estatu bat, zu baino lehenago bertan zeudenekin kontatu gabe?
Guztiarekin ere, Kanadako kultura pentsamenduan bere ekarpenak funtsezkoak izan omen dira. Eta, besteak beste, Kanadako hizkuntza indigenak berpizteko gaur egungo saiakerak Kirkconnellek Kanadako gizartean kultura-ehun eleaniztuna hartzearen alde emandako argudioen ondarearen zati omen dira.
Istorio txiki honekin ikus dezakegu, bide batez, zapalkuntzako bideak nahaspilatuak direla, eta giza kontraesanak amaiezinak.