Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Hezkuntza Legean edo Administraziorako Euskararen Legean eragin nahi du Kontseiluak; Nafarroan, ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jarri; eta Lapurdi, Baxe Nafarroan eta Zuberoan, berriz, ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea defendatu. Horrez gain, auzitegietatik heltzen diren erasoei aurre egiteko "protokolo" bat ere osatu nahi du.
Euskaraz hitz egiten den hiru administrazioetan egoera oso ezberdina da, eta horregatik, iazko urtearen balorazioa egin eta aurtengorako erronkak zerrendatzerakoan, lurraldeak ezberdindu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak astearte goizean Bilbon egin duen agerraldian. "Adostasun zabaletan oinarritutako dinamika" sortzeko konpromisoa adierazi du Idurre Eskisabel idazkari nagusi berriak –irakur hemen ARGIAn egin genion elkarrizketa–, eta gaineratu du adostasunak "ez direla berez eta kasualitatez sortzen", baizik eta "landu eta josi" egiten direla. "Adostasun horien oinarria izan behar du ulertzea eta onartzea euskararen normalizazio eta biziberritzeaz ari garenean ez garela ari abstraktuan hizkuntza baten egoera edo iraupenaz, baizik eta milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideetako batez".
"Hizkuntz politika hauek ez dira aski"
Araudia "oso apala" da hiru administrazioetan Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz.
Nafarroan, kezka handia sortu du Foru Gobernuak administrazioan euskararen ezagutza baloratzeko aurkeztutako dekretu-zirriborroak jasotakoak. Izan ere, milaka lanpostutan euskararen ezagutza ez da kontuan hartuko; bai, ordea, ingelesarena, frantsesarena eta alemanarena. Aurreko legeak jasotzen zuen eremu mistoko lanpostu guztietan merezimendu balioa izatea euskararen ezagutzak; bada, berrian ez dela halakorik jasotzen, Kontseiluak salatu duenez.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, bestalde, auzitegiek maiz zigortu dute euskara, eta are maizago, akaso, azken boladan; aski ezagun dira Irun, Laudio, Barakaldo eta beste hainbat tokietako sententziak –azkenak hezkuntza kolpatu du: atzerriko ikastetxeek ez dute zertan euskaraz ezer eskaini–. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrera ere begiratu beharra dagoela adierazi du Kontseiluak, bertan ari baitira egosten Hezkuntzaren Lege berria eta euskal sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen dekretua.
Kontseiluaren arabera, bietan aurkeztutako dekretu-zirriborroek badituzte intentzio oneko joera batzuk, baina horien garapenean "hanka-motz" geratzen da euskara. "Gure ustez, modu zehatzago batean jaso behar dira betebeharrak, eraginkortasuna benetakoagoa izan dadin. Besteak beste, eragin esparrua administrazio osora hedatzea; hautaketa prozesuak euskaraz egitea; hizkuntza-eskakizuna azterketan bertan egiaztatzea; herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko intentzioa; gaitasun asimetrikoak; 45 urtetik gorakoentzat salbuespena kentzea; edota eskatutako hizkuntza-eskakizuna baino goragoko maila baloratzea".
Eusko Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren erronka nagusia da udaberri honetan onartzea Hezkuntza Lege berria. Puri-purian dago auzia hemen ere, batez ere publikotasunari eta euskarari lotua, Mikel Garcia Idiakezek erreportaje honetan jaso zuenez.
Ipar Euskal Herrian, azkenik, "debekuak eta bortizkeriak" direla nagusi azpimarratu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta bi gai azpimarratu ditu: Brebeta eta Baxoa euskaraz egiteko debekua eta aldarria; eta eskola publikoetan euskarazko gelen irekiera. Horien alde jarduteko konpromisoa eta beharra azpimarratu du Eskisabel idazkari nagusiak, eta salatu egin ditu Frantziako Poliziaren jardunbideak, kolpez eta era oldarkorrean erantzun zuelako Azterketak Euskaraz kanpainaren aurrean.
Erronka: euskalgintzatik haragoko adostasunak
Lehentasun gisa jo du Eskisabelek beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten eragile eta norbanakoei azaltzea euskararen "normalizazio eta biziberritze prozesua zer den eta nola lotzen den", besteak beste, kohesio eta justizia sozialarekin. Haiei entzun eta adostasun puntuak bilatzea eta lantzea izango da erronka, denen artean dinamika prestu bat landuz. Finean, euskaldunen eskubideen aurkako oldarraldiari erantzuteko dinamika bateratua da helburua, adostasun zabalak oinarri izango dituena.
Bestalde, auzitegietatik heltzen diren "erasoei" aurre egiteko protokoloa osatuko du Kontseiluak. Eskisabelek iragarri duenez, eta horixe bera euskalgintzatik haragoko eragileekin partekatzea ere izango da erronka.