Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak (EHAEO) helegite berezia aurkeztu du, Donostiako hiri antolamenduko plan orokorra (HAPO) idazteko kontratazio espedientea arautzen duten agirien aurka. Hainbat gai aipatzen ditu helegiteak, tartean, hizkuntz eskakizunei dagokiena.
Zehazki, dio C1 mailako euskara eskakizuna duten lanpostu guztiek ez dutela harremana izango herritarrekin eta, horregatik, gehiegizkoa dela jendaurrean arituko ez diren lanpostuei, lantalde koordinatzaileei hain justu, hizkuntz eskakizun hori egitea. Horrela, herritarrei eskaintzen zaien jendaurreko arreta soilik hartzen du aintzat elkargoak; ordea, koordinazioko langileek ez badute euskara maila hori, HAPOaren idazketa prozesuan euskara hutsez aurkezten diren alegazioak eta idatziak beste lankide batzuek itzuli beharko dizkiete.
Zera dio EHAEOk helegitean: “C1 mailako euskara eskatzen zaien profil guztiek ez dute herritarrekin harremanik izango (eta, baldin badute, lantaldeko beste elebidun batzuekin batera egin dezakete)”. Eskakizun hori “lehia askeari egindako murrizketa” dela deritzo elkargoak. Hori dela eta, espedientearen pleguak “aldatzeko” eskatu du, “kaudimen teknikoa eta/edo profesionala murriztuz”.
Era berean, “kautelazko neurri gisa”, kontratazio espedientearen prozedura “eteteko” eskatu du elkargoak. Hain zuzen ere, Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak udalari jakinarazi dio elkargoaren eskaera eta, hori dela eta, udalak erabaki du “atzera egitea Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra idazteko behar diren zerbitzuen kontratua xede duen kontratazio espedientea (2024/058 esp. zk.), Tokiko Gobernu Batzordeak 2024ko abenduaren 3an onartutakoa”, hilaren 16ko udalaren ohar ofizial batean azaltzen denez.
Helegite honek, momentuz, ez du bide judiziala hartu, baina azkenaldian gertatzen ari den euskararen aurkako oldarraldiaren testuinguruan kokatu behar da. Izan ere, administrazio publikoaren hainbat lanposturen euskara eskakizunen aurkako zenbait epai atera dira azken hilabeteotan, euskaldunen hizkuntz eskubideak urratuz.